Marka berritua euskal hezkuntza gaurkotuarentzat
2025
Bezeroa
Ikastolak

TALDE-MARKA HORIZONTALA
Ikastolen Elkarteak marka nortasuna berritzeko eta gizarteratzeko lankidetza proposatu zion Sorland agentziari. Urte askoan hainbat ikastolarekin izan dugun esperientzian oinarrituta, euskal hezkuntza kooperatiboaren balio gaurkotuak irudiz islatzea eta hitzez komunikatzeko izan da gure lana.
Ikastolen mugimendua izaeraz behetik gorakoa da, tokian tokikotik sortu eta abiaturik Euskal Herri osoko sarea osatzen duen hezkuntza egitasmoa. 115 ikastola eta marka, gaur egun, bakoitza bere izen eta nortasun grafikoarekin. Ikastola hitza da denak saretzen dituen eta marka nazionala batzen duen osagaia.
“Ikastolak” proposatu dugu, beraz, marka horizontalaren izentzat. Ikastolak, pluralean. Tokian tokikoan eta nazionalak. Atzokoak, gaurkoak eta biharkoak. Euskal Herri osoan euskarazko hezkuntza hedatzeko beste eragile batzuekin lankidetzan diharduen sarea.

MARKA NORTASUN GRAFIKOA
Ikastolak marka grafikoki lotzea erronka handia zen, esan bezala, 115 marka grafikok osatutako sareaz ari baikara. Hala bada, zuri-beltzean eraginkorra izango den ikur bat diseinatu genuen, talde-markaren ikur nagusia ez ezik taldearen marka guztien ikur bateratzaile ere izango dena.
Ikur hori sortzeko hainbat kontzeptu izan ditugu kontuan: euskalduntasuna, lurraldetasuna, komunitatea, gertutasuna, inklusioa, eraldaketa, egonkortasua, garaikidetasuna, kalitatea, elkartasuna, besteak beste.

MEZUGINTZA ZEHATZA ETA OSOA
Ikastolen idearioa hiru indar-ideia labur eta argitara ekarri nahi izan dugu. Hiru mezu horiek, aldi berean, malguak izan behar dute, hezkuntzaren egiteko estrategikoei, nazio mailako errealitateei eta ikastolen ezaugarri bereizgarriei erantzuteko. Hiru goiburu hauek dira diskurtso anitz eta aberats zabalagoa ahalbidetzeko formulatu ditugunak:
“Biharko euskaldun herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza-sare eraldatzailea gara”
“Komunitate kooperatibo eta prestatua osatzen dugu: ikasleak, familiak, langileak eta ikastolazaleak”
“Lankidetzan dihardugu eta jardun nahi dugu Euskal Herriko hezkuntza zein gizarte eregileekin”

MARKA BERRIA GIZARTERATZEKO EKINTZAK
Marka berria gizarteratzeko ekintza plana ere landu dugu Ikastoletako arduradunekin batera, nortasun grafiko berritua ezagutzera emateko ez ezik baita marka birkokatzeko ere, azken urteetako lanketa ideologikoa eta diskurtsiboa hobeto komunikatuz.
Gizarteratze lan hori barrutik kanpora gauzatzeko planifikatu dugu, Ikastoletako komunitateko kideak ondo informatzetik hasita euskal herritar guztiengana iritsiz, hezkuntza zein gizarte eragileekin harremanak zaintzetik pasatuz: bideogintza, merchandisinga, hedabide-plana, harreman publikoak, ekitaldi soziala, marketing digitala, publizitate kanpaina eta abar.







