Marka turistiko bakarra bost herrirentzat
2025
Bezeroa
Kosta Berdea

MARKA AZTERKETA
Kosta Berdea berdinik gabeko bost helmuga turistiko batzen eta indartzen dituen marka bateratua da.
Tradizio turistiko handiko eskualde bateko bost herri: Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orio.
Urola Kosta Udal Elkarteak gidatutako lana izan da marka honen sorrera, eta Sorland agentzia aukeratu du horretarako. Erronka handia guretzat, interes eta ilusio handiz hartu duguna. Izan ere, Urola Kostako bost herriotako bakoitzak badu aurretik bere marka turistikoa, eta baita bere kanal, euskarri eta ekintzak ere.



MARKA SORKUNTZA
Marka azterketa horren ondorioa izan zen bost herriek elkartuta eskaintza aberatsa zutela: 102 km2-tan zazpi hondartza eta kala ugari, bi geoparke eta parke natural bat, hiru GR, Donejakue bidea, lau museo, 125 lotarako ostatu eta deneriko jatetxeak, 50 kirol eta aisialdi zerbitzu… eta hori guztia, euskal izaerarekin.
Euskal Herri txiki bat eskualde bakar batean.

Hortik sortu genuen Kosta Berdea izena. Hainbat jatorritako turistentzat ulerterraza izan daitekeen eta aldi berean euskaltasuna darion izena. Kosta Berdea K eta B hizkiekin. Kosta Berdea kalitatearen, kulturaren eta komunitatearen K hizkiarekin. Kosta Berdea bizi-mailaren, balioen eta bikaintasunaren B hizkiarekin.
Etorkizun luzea opa diogu dagoeneko helmuga turistiko heldu bat dena batzen duen marka berri honi!












