Ezkerreko narratibak eraldatzen
2025
Bezeroa
Txalaparta

MARKA GARAI BERRIETAN BERKOKATZEN
37 urte dira Txalaparta argitaletxeak bere ibilbidea hasi zuenetik. Orain, egungo munduan ideien gudak duen garrantziak berretsita, indar berriz ekitera dator: egoitza, lan-taldea, gaitegia, liburuak, formatuak eta lengoaiak gaurkotuta. Horrek guztiak, marka berkokatzeko estrategia, marka nortasuna eta diseinu editoriala berritzea ere behar zuen, eta horretan jardun dugu guk.
Bizi dugun garai honetan ezkerreko narratiba eraldatzaileek paper garrantzitsua dutela sinetsita, argitaletxeek eta kultur proiektuek egin dezaketen ekarpenari gaurkotasuna eman nahi dio Txalapartak, Euskal Herritik munduari begira. Gaiak gai eta garaiak garai, justizia sozialaren aldeko diskurtsoak eta bestelako munduak irudikatzen lagunduz.
Narratiba horiek zabaltzeko, gainera, liburuak eta jendaurreko ekitaldiak eta beste ohiko formatuez gainera, lengoaia berriak ere saiatuko ditu Txalapartak; literatura musikarekin, ikus-entzunezkoekin, soinugintzarekin eta bestelako diziplinekin uztartzeko esperimentaziorako laborategia eskainiko du bere egoitzan eta teknologiak ahalbidetzen dituen kanalak sarean.



MARKA NORTASUN BERRIA
Garai berrietara egokituriko Txalapartaren estrategiak marka nortasuna berritzea ere behar zuen, eta halaxe egin dugu. Hasteko, ikurra berdiseinatu dugu, orain arte erabilitako txalaparta baten ilustrazio figuratiboa oinarri hartu eta egungo ikur ikonografikoen tankerara ekarriz. Horrekin batera, izenaren tipografia ere berritu dugu.
Goiburuak, berriz, markaren berkokatzea laburbildu nahi du, bizi dugun atsekabe garai honetan, etsipena alde batera utzi eta Euskal Herriko argitaletxe eta kultur proiektu batek munduari egin diezaiokeen ekarpena azpimarratuz. Eta halaxe dio: Mundua aldatzen ari gara.





DISEINU EDITORIALA
Marka nortasunarekin batera liburuen diseinu editoriala ere berritu dugu. Helburu nagusia Txalaparta argitaletxearen liburu guztiak iruditeria bateratu baten bitartez identifikagarri egingo zituen diseinugintza lantzea izan da. Aurrerantzean, Txalapartaren liburu guztietan errepikatuko den oinarrizko diseinua sinplea, garbia eta bereizgarria izango da.
Katalogoaren sailak, berriz, soildu egin dira sinplifikazio orokorraren mesedetan: Fikzioa euskaraz eta Fikzioa gazteleraz; Ez-fikzioa historia, Ez-fikzioa historia hurbila eta Ez-fikzioa garaikidea; Iparrorratza biduma eta Ilbeltza bilduma. Sail ezberdinak koloreen arabera bereiztuko dira diseinuari dagokionez.






WEB ARKITEKTURA ETA DISEINUA BERRITZEA
Txalapartaren webgunearen arkitektura eta diseinua berritu ditugu, markaren berkokatze estrategiarekin lerrokatuta. Online dendak zeukan nagusitasuna pixkat orekatu dugu, Txalapartaren irudia, diskurtsoa eta komunitatea lehen planoan kokatzeko. Horretarako, edukiak eta funtzioak berrantolatu ditugu, Txalapartaren lau ardatz nagusiak —argitaletxea, liburu-denda, laborategia eta komunitatea— argi bereiziz, eta aldi berean online dendaren posizionamendua eta errendimendu komertziala babestuz.


MARKA BERRITUAREN LANTZAMENDUA
Marka berria 2025eko udazkenean zehar aurkeztuko da. Lehen-lehenik, marka berkokatzeko aurkezpen eta harreman publikoak indartzeko ekintzak burutuko dira: zuzeneko komunikazioa komunitatearekin, ezkerreko narratiben inguruko jardunaldiak Iruñean, berrigintza hedabideetan eta abar. Lan hori marketing digitalarekin ere osatuko dugu.
Bigarrenik, narratiba eraldatzaileak lengoaia berrietara eroateko esperimentazioari ekinez, euskal artistekin elkarlanean Txalapartaren katalogo historikoa berrinterpretatuz hainbat diziplinatako sormen-lan berriak ekoitzi eta zabalduko dira.
Hirugarrenik, babesletza kanpaina ere egingo da, hedabide klasiko zein digitaletan publizitatea eginez eta Gabonei begirako opari-eskaintza bereziekin.







