Europa osoan kultur arloan egiten diren azoken artean arrakastatsuenetakoa da Durangoko Azoka. Biziberritzen jakin duela erakutsi du azken urteotan eta are gehiago pandemia garaian: Ekitaldi guztiak bertan behera geratzen ari ziren bitartean, Azokak berrasmatzen jakin zuen online/offline arteko uztarketa batekin, lehen aldiz euskal kulturaren online erakuslehio eta denda erraldoia sortuz.
2021a ere urte berezia izaten ari da, ziurgabetasunez beteta; eta 56. Durangoko Azoka aurrera ateratzea erronka handia izan da, eta Sorland bidelagun izan du erronka horretan.
Komunikazio estrategiaren diseinua eta aholkularitza
Aurtengo komunikazio helburu nagusiak zehaztu eta prentsa bulegoaren eguneroko gida-lerroak diseinatu ditugu. Horrez gain, mezugintzaren, bozeramailetzaren edo jendaurreko agerpen ildo nagusiak finkatu ditugu.
56. edizioa harilkatuko duen ideia kreatiboa sortu dugu, estrategiarekin lerratuta. Ideia kreatibo horren aplikazio posibleak aurreikusi ditugu, publizitate kanpaina osorik gauzatzeko orduan: leloa, kartela, spota, irrati-kuina, ekintzak, hartzaileen parte-hartzea…
Aurtengo irudia sortzeko sortzaile egokiena bilatu dugu eta gidaritza artistikoa eskaini diogu Leire Urbeltz artista iruindarrari “Desipuindegia” irudia osatzeko.
Azkenik, Azokaren publizitate kanpainaren diseinua egin dugu, online marketineko estrategia bat eratuz. Bertan online eta offline publizitatea uztartu ditugu, hedabideetan nahiz sareetan erabiliko diren kanal eta egingo diren kanpainak zehaztuz eta planifikatuz.
Prentsa bulegorako zerbitzua
Prentsa bulegorako lan-taldetik prentsa agerraldiak antolatu eta kudeatu ditugu, eta horientzako beharrezko diskurtso, ohar, deialdi eta euskarriak ere sortu ditugu.
Horrez gain, hedabideen jarraipena egin dugu, elkarrizketak kudeatuz eta publizitate kanpainaren hedabide plana egin eta kanpaina kudeatu ditugu.
Webgunerako albisteak eta sare sozialetarako edukiak sortu eta hauen kudeaketa ere egin dugu.
Komunikazio euskarrien diseinua
Ideia kreatiboa iruditeriara eraman dugu eta kartela irudi korporatibora egokitu. Horrekin batera, kanpainarako euskarri guztiak sortu dira: spot-a, irrati kuña, papergintza, webguneko eta sare sozialetako diseinuak, publizitaterako euskarriak eta Azoka egunetarako seinaletika.