COVID19ak eragin duen baldintza aldaketa zakarrei erantzuteko Sorland agentziaren hainbat bezerok komunikazio estrategia nola moldatu duten kontatzeko kronika sail honen baitan, interesgarria da Azpeitiko Udalaran kasua, komunikazio instituzionalaren ikuspegitik. Udalerri hau aitzindari izan zen krisi hau kudeatzeko orduan, eta erreferente izan da beste batzuentzat.
Azpeitiak bere burua behartu behar izan du jarduera osoa aldatzera, hilabete hauetarako aurreikusita zeuzkan egitasmoak alboratuz edo atzeratuz, eta bere funtzionamendua berrantolatuz. Udalak krisia kudeatzeko berbideratu ditu bere baliabide guztiak, herri ikuspegiarekin, bere goiburua indartuz: denon artean.
Krisi ekintza plana pertsonarik zaurgarrienak babesteko
Lehenengo erabakia boluntario sarea sortzea izan zen, premia larrienak zituztenei laguntzeko: 70 urtetik gorakoak, etorkinak etab. Udalak koordinaturiko sare honek pertsona horiei guztiei dei bana egin zien euren beharrizanak zehatz ezagutzeko. Lehen fase horretan, gizarte eragileen, dendarien eta beste talde batzuen egoera ere aztertu zuten, zuzeneko harremanekin.
Azpeitiako Udalaren helburua da inor ez uztea atzean, eta herritarrik zaurgarrienak babesteko diru-laguntza lerro zehatzak eta gizarte zerbitzu espezifikoak ezarri eta gauzatu ditu: tokiko merkatarientzako laguntzak, zaintzarako laguntzak, langabeentzako eta ERTEan daudenentzako laguntzak; elikagaiak eta sendagaiak eskuratzeko zein hondakinak kudeatzeko arreta, solasaldiak bakarrik dauden pertsonekin, eskola etxetik jarraitzeko baliabideak, etab.
Komunikazioa ere estrategia eta ekintza osoaren parte da
Ekintza hauek guztiak komunikatzea ez da erraza gizarte osoaren ohiko funtzionamendua mugatuta dagoenean, eta horrek eraman du Azpeitiko Udala komunikazio lanetan ere subjektu bihurtzera: informazioa beste bitarteko batzuen bidez hedatu beharrean, udala bera bihurtu da informazio hedabide erreferentzial, horretarako kanal propioak erabiliz.
Lehen aipaturiko pertsona eta talde zaurgarriekin komunikazio zuzenaz gainera, bitarteko digitalak izan dira garrantzitsuenak: udalaren webgunea, sare sozialak, whatsapp taldeen bidezko jakinarazpenak, eta antzekoak. Kanal hauetan, gainera, bideo animatu bat zabaldu da, krisiari aurre egiteko hartu diren neurri guztiei buruzko informazioa jasotzen duena. Neurri horiek, esan dugun moduan, komunitate estrategia bat dute oinarri.