Skip links

Biba Ardoak, zure etxeko ateraino: zuzeneko marketina eta covid 19

Gaur kontatu nahi dizueguna, COVID19ak eragindako krisia dela-eta gure bezeroek euren komunikazio estrategiak nola moldatu dituzten kontatzeko sailaren baitan, Biba Ardoak markaren kasua da; mahastizain-ardogile familia txikien kooperatiba bat, indarrak batu dituena ardo ekologiko, biodinamiko eta naturalak banatzeko, eta Euskal Herrian ardoaren kultura berritu baten alde apustu egiteko.

Kooperatiba duela urte bat pasatxo sortu zuten, eta Biba Ardoak marka joan den martxoaren 2an aurkeztu berri zuten jendaurrean; alarma egoera eta ondorengo konfinamendua baino bi aste lehenago doi-doi. Tabakalera zentroko Taba gunean egin zen aurkezpen hori, Gipuzkoako hiriburuko ostalariekin batera.

Krisia marka posizionamendua lantzeko aukera moduan

Biba Ardoak markaren posizionamendua tokiko produktu ekologikoa lantzen duten eta euren ingurunearekin konprometituriko ekoizle txikiena da. Krisi hau aukera moduan ikusten dute orain, uste baitute halako produktu eta ekoizleekiko aurrez indartzen zihoan kontzientziazioa azkartu egin dela Euskal Herrian.

Euskal ardo organikoak banatzeko kooperatiba sortzeko erabakia bera antzeko krisiak aurreikustetik dator hein handi batean, eta badirudi baldintza objektiboak eta subjektiboak batzen joan daitezkeela Biba Ardoak marka eta bere ardoak posizionatzeko eta nabarmentzeko. Hotik dator weblog, sare sozial eta boletin digital bidezko komunikazioa sustatzeko egin duten ahalegina.

Marketin zuzena eta etxez etxeko banaketa egiteko apustua

Biba Ardoak hasi berri zen ostalaritzan banatzen. sektore hori guztiz gelditzera derrigortua izan zen, eta oso baldintzatua jarraitzen du. Bigarren banaketa kanala dendak izan dira hasiera honetan; tokiko produktuak eta ekologikoak saltzeko kontsumo kooperatibak. Kanal hau gora doa eta lantzen jarraituko dute.

Edozelan ere, Biba Ardoak osatzen duten ekoizleen ardoak ostalaritzan eta atzerrian saltzen dira batez ere, eta bi-biak etenaldian daude. Egoera horretan, kooperatibak krisi honek indartu duen kontsumo ohitura baten alde egin du apustu: jan-edanak etxean kontsumitzeko ohitura. Apustu hau, gainera, aitzin-proba ere izango da ekintza planean aurreikusita dagoen ardoen online salmentarako.

Donostialdean, Lapurdin, Iruñerrian eta A8 inguruko Bizkaiko herrietan egindako etxez etxeko banaketa hau whatsapp bidez zuzeneko marketina eginez gauzatu dute; sustapena egiteko sare sozialetan ere komunikatuz. Itxura guztien arabera, jarraitzaile eta kontsumitzaileekin sortutako harreman zuzen hau oinarri ona izan daiteke etorkizuneko komunikazio komertzialerako zein korporatiborako.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies