Sorland zerbitzu osoko komunikazio agentzia moduan aurkeztu ohi dugu, eta gure lana bidaia bat balitz bezala ulertzea gustatzen zaigu.
Bidaia bat Sorlanden, markak hazten diren lurrean, non agentzia kreatiboko profesionalok, sorlandarrok, marka horiek kudeatzen dituztenen gidari eta bidelagun garen: euskal marka komertzialak, administrazio publikoak eta gizarte erakundeak, eta zerbitzu zein industria arloko enpresak.
Komunikazio estrategia, langintza honetan, markaren bide-orria da. Bidaia ekintza plana gauzatzean datza; marka bakoitzak mehatxuz eta aukeraz beteriko lurralde batean bidea zabaldu beharko duen bidaia.
Komunikazio plana moldatzea, marka posizionamendua zainduz
Batzuetan bidaiatzen dugun ingurunearen baldintzak, hau da, gizartearen eta merkatuaren egoera, zakarki aldatzen da. COVID19ak ekarri duen pandemia globalaren eta konfinamendu soziala kasu horietako bat da.
Lurrikara honek lankidetzan dihardugun marka guztiei eragin die. Marka horiek, hasierako shocka gainditu eta gero, irtenbideak eskaini dizkiote euren bezeroei, erabiltzaileei eta jarraitzaileei. Eta marka posizionamendua garatuz egin dute hori. Euren bide-orria berritu dute iparra galdu barik, bidea zabaltzen eta marka moduan hazten jarraitzeko, iritsi gura duten hurrengo gailurra begiz jotzeari utzi barik.
Istorio zehatzak dira, norbere mugak gainditzeko irakaspenak epe ertain eta luzera ziurgabetasunez beteriko gizarte zein enpresa arloko testuinguru batean.
Krisi global baterako marketing eta komunikazio estrategiak
Istorio zehatzak dira. Zuekin partekatu nahi ditugun bidaia kronikak: Azpeitiako Udalaren krisi politikak eta komunikazio instituzionala; Biba Ardoak kutxen etxetik etxerako banaketa eta zuzeneko marketinga; Fagor Taldearen balio kooperatiboen zaintza eta komunikazioaren gardentasunaren garrantzia; Euskaltzaleon Topagunearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena eta hedabide plana; Euskal Sagardoaren sare sozialetako marketing kanpaina.
Zer aldaketa eragin ote du koronabirusak produktu, zerbitzu eta egitasmo hauetan? Aukeraren bat antzeman dute marka posizionamendua indartzeko? Nola moldatu ote dute komunikazio estrategia?
Datozen egunetan kontatuko dizuegu…