- Gertutasuna. AEKren gertutasun geografiko eta humanoa.
- Bidea. Euskara ikasteko prozesua.
- Bidelagunak. Ikasle eta irakasleak osatzen duten tandema.
Kontzeptu horiek izan ditugu gogoan AEKren matrikulazio kanpaina sortzerako orduan. Euskara ikasi nahi duten herritarrek, gertutasuna bilatzen dute: euskara ikasteko bideari ekiteko abiapuntu izango duten euskaltegia eta bidelagun izango duten irakaslea.
Bidearen metaforari tiraka sortu genuen kontzeptu nagusia: sidekarra. Eta AEK-ren izaerari loturik sidekar horrek bizikleta behar zuen: bizidekarra. AEK-ko irakaslea ikasle bakoitzaren ondo-ondoan doa ikasleari bere bidean lagunduz, bere ahaleginak eta lorpenak partekatuz.
Hurrengo galdera bizidekarrak nolakoa behar zuen izan zen. Laranja, hori ziur. Beste guztia, eskuz joan ginen zirriborratzen, eta Bilboko bizikletagile-artisau bat izan dugu paperekoa materialki gauzatzeko laguntzaile.
Spota egiteko AEK-ko ikasle eta irakasleak izan ditugu lagun. Profil ezberdinetako ikasleak eta euskara ikasteko arrazoi ezberdinak ere islatu nahi izan ditugu bertan.
Kale ekintzekin ere, bi helburu lortu nahi genituen; batetik, espazio publikora irtetea, eta bestetik, AEK-ko zentro bakoitzak kanpaina tokikotzeko aukera izatea, ikasleak gonbidatuz edota bere herrian bertan informazioa emanez.
Eta zuk, ikusi al duzu AEK-ren bizidekarra zure herriko kaleetan barrena?