Sorland agentziako zuzendari moduan, bezeroen marka helburuak betetzeko nahiz Sorlandeko taldea asebetetzeko egiten dut lan.
Noizean behin gertatzen zaigu bezeroren batek logoa aldatu nahi ez izatea. Oraintsuko lan batean gertatu da berriro, eta pentsatu dugu interesgarria izan daitekeela horri buruzko gogoeta bat egitea, bai brandingean aritzen garenontzat eta baita gure bezeroentzat ere.
Demagun bezero batek marka-estrategia bat egitea eskatzen digula bere produktua edo enpresa birposizionatzeko asmoarekin. Bezeroa ohartu da aldaketa bat behar duela eta gure laguntza behar duela prozesu horretan. Prozesu osoan Sorlandekin elkarlanean jardun duenez, erabat ados dago estrategiarekin. Guztiarekin dago ados… logoa “eguneratzeaz” hitz egiten dugun arte. Atzamarra zaurian sartuko bagenio bezala hartuko du proposamena. Logoa marka baten alderik ikusgarriena eta emozionalena da. Lotura sentimentala sortzen du. Nortasuna ematen du. Irudikatzen duen zera horren parte sentiarazten du. Logoak leialtasuna eskatzen du. Etxean sentiarazten gaitu eta gure alderik nostalgikoena erakartzen du. Eta ez dugu hori guztia galdu nahi!
“Ondo dabilen” zerbait bazterrean uzteak ezinegona eragin dezake. Berehala ikusten ditugu aldaketaren balizko eragin kaltegarriak. Hala ere, ez gara konturatzen logoa ez aldatzeak dakartzan ondorio kaltegarriez edo logotipo berri batek marka eraberritzeko dakartzan onurez. Eta hori ondo neurtu behar den kontua da. Ondo aztertu behar dugu zer arrisku dakarren ez aldatzeak: marka hori birposizionatzea lortuko dugu diseinu bat aldatzeko prest ez bagaude? Gerta liteke lehen diseinu proposamenek ez gogobetetzea, baina horrek irtenbide erraza du: proposamenak egiten jarraitzea. Benetako arriskua logoa oharkabean zimeltzea da, markarekiko loturak epeltzen eta gero hozten joatea, zaratarik gabe, inor konturatu gabe.
Kontua ez da aldatzeagatik aldatzea. Marka batek ondo funtzionatzen badu, hobe da ez ukitzea. Antolakuntzan ezer aldatu ez bada, ez dago marka aldatu beharrik. Logoak gaurkotasuna mantentzen badu, ez da aldatu behar. Erakunde baten logotipoa aldatzea oso erabaki garrantzitsua da.
Baina, marka-aholkulariek aldaketa gomendatzen badigute, batez ere, markaren estrategia on bat egin ondorengo aholkua bada, kontuan hartu beharreko proposamena da.
Izan ere, beharbada, logo (zahar) horrek ez du jada gaurko antolaketa irudikatzen. Edo agian diseinu zaharkitua erakusten du. Edo, akaso, sektore osoa ari da estetikoki aldatzen, eta gu ez. Izan daiteke guri logotipoak betikoa iradokitzea baina publiko berriei zaharkituriko marka bat gogoraraztea. Beharbada irakurgarritasun edo erreprodukzio arazoak ematen ditu medio digitaletan edo ikus-entzunezko formatu berrietan.
Adituok logotipoa aldatzea gomendatzen dugunean, ziurrenik, zure erakundearen irudia eguneratzea komeni delako da. Oker egon gaitezke, jakina, baina zorionez, ez daukagu lotura sentimental hori, alferreko erresistentzia eragin dezakeena.