Osakidetza: gakoa marka koherentzia denean
2026
Bezeroa
Osakidetza

MARKA IDENTITATEA
Osakidetzak ez du aurkezpen handirik behar. Euskal osasun zerbitzu publiko gisa, 2,2 milioi herritarren osasun-arreta bermatzen du, 47.000 langile inguruko sare baten bidez.
Euskal Herrian marka-identitate gutxik izango dute Osakidetzaren adinako presentzia publikoa eta inplantazioa. Osasun-etxeetan, profesionalen uniformeetan, ospitaleetan eta beste hamaika euskarritan presente dagoen ikurra da. Horregatik, erraz identifikatzen dugun marka horietakoa da, eta guztioi era bateko zein besteko asoziazioak pizten dizkiguna.
Sorlandetik, gaur egun, pazienteei zein profesionalei zuzendutako hainbat euskarri kudeatzen ditugu. Eta guretzat, lan horretan, funtsezkoena markaren irizpideak modu koherentean zaintzea da: erabilera eta testuinguru askotako euskarriak osotasun baten baitan landu daitezen.




NOLA HURBILDU OSASUN GAIAK HERRITARREI
Osasunari buruzko milaka eduki eskura ditugun garaiotan, ezinbestekoa da informazio fidagarria eskaintzen duen atari bat edukitzea eta horri erantzuna ematera dator Osasun Eskola herritarrei zuzendutako hezkuntza plataforma. Haren inguruko informazioa zabaltzeko ikus-entzunezko bat egiteko enkargua egin digu Osakidetzak.
Bideoa sortzerakoan, abiapuntu argi bat izan dugu: edonork izan ditzake osasunaren inguruko zalantzak. Horregatik, zalantza horiei erantzuteko iturri profesional eta fidagarrietara jotzearen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu.
Era berean, bideoak plataforma bera modu argi eta hurbilean ezagutarazteko ere balio behar zuela pentsatu genuen. Horregatik, aplikazioaren atal nagusiak erakutsi ditugu scroll edo nabigazio sekuentzien bidez.







