Arrate Illaro, Euskaraldiako koordinatzailea: “Komunikazio lana, plangintza eta estrategia ezinbestekoa da ahalik eta herritar gehienek jakiteko Euskaraldia zer den”
- Euskaraldiaren 11 egunetan murgildu gara gaur bertan, zein da sentsazioa?
Ilusioz ari garela esango nuke, baina etorriko dena neurtuta ere bai. Herritar asko aktibatu dira azken hilabeteetan, herri batzordeetan ikus dezakegu aktibazio hori eta oso ondo baloratzen dugu. Egia da Euskaraldiak hasieratik oso harrera ona izan duela, eta herrietan aurkezpenak egin zirenean euskaltzale asko gerturatu zirela aurkezpen horietara. Ilusioz hartu dute ekimena herritarrek oro har, eta alde horretatik pozgarria da Euskaraldia 400 udalerritan egin ahal izatea. Euskalgintzari dagokionez, ikusten da zerbait egiteko gogoa badagoela Euskal Herrian.
Azken hilabeteetan atxikimendu handia ikusi dugu Euskaraldiarekiko, bai sare sozialetan, herrietan nahiz albisteetan. Herritar asko ari dira izena ematen ahobizi eta belarriprest gisa baina, lehen esan bezala, etorriko dena neurtzeko gai izan nahi dugu. Tentuz hartzen dugu kontua, iruditzen zaigulako orain dela ariketa egiteko momentua; izan ere, atxikimendu garai hori bukatu da eta iritsi da ahobizi eta belarriprest bezala egiteko unea.
Hasieratik esan dugu hau ez dela kanpaina bat, ariketa bat baizik, eta herritarrek horretarako eman dute izena. Beraz, oraingoa izango da beste urrats esanguratsu bat. Bestalde, badakigu masibotasunak badituela bere alde onak eta zailtasunak ere, eta badakigu 11 egun horien ondoren oraindik bide luzea egongo dela egiteko. Hasieratik esan dugun bezala, hau ez da ekimen definitibo bat euskararen biziberritze eta normalizaziorako, ekimen bat gehiago da eta lanean jarraitu behar dugu. Baina, orokorrean, ilusioz gaude ikusi dugulako herritar euskaltzale asko aktibatu direla eta sinisten dugulako urrats batzuk eman ditzakegula aurrera begira beste kokapen batean egon ahal izateko.
- Zergatik da berritzailea Euskaraldiaren proposamena?
Iruditzen zaigu Euskaraldia badela zerbait berria eta, orokorrean, hala nabari da hainbat faktorerengatik.
Batetik, egia da asko egin dela orain arte euskalgintzan modu askotara, baina orain arte ez da halako dinamika edo ariketarik egin. Euskaraldia ez da hutsetik abiatzen, eta Agurainen, Egian, Lasarten edota Arrigorriagan egindako aktibazio dinamika horien ondorio zuzena da Euskaraldia, baina horiek ere badira nahiko berriak, duela bizpahiru urte gertatu baitziren lehenak, eta horietatik elikatu da Euskaraldia. Euskararen aldekotasun hori adieraztetik urrats praktikoetara pasatzen gara ariketa honekin, eta herritarrei deia egingo diegu beraien eguneroko hizkuntza-ohitura horiek alda ditzaten ariketa bat eginez, eta ariketa hori modu kolektiboan Euskal Herri osoan egitea bera ere berria da.
Bestetik, ariketa egiteko modua ere berria da, lankidetza sare zabal batean ari baikara hau antolatzen, Euskal Herri osoan koordinazio orokorrean eta herri batzordeetan. Elkarlan hori badago, baina gainera, horietako bakoitzean euskalgintza sozialak, erakunde publikoetako ordezkariak eta norbanakoak batzen dira, eta elkarlan horren ondorioz iruditzen zaigu baldintzak ere badirela berriak.
Hain zuzen ere, hirugarren faktore bezala baldintzak aipatuko nituzke. Zergatik? Euskal Herri osoko lurralde guztietan egingo delako Euskaraldia, 400 udalerritan, eta lankidetza horrek eman du horretarako bide, herrietako euskaltzaleek erabaki dutelako Euskaraldia egitea beren herrietan. Lehen aldiz, hiru gobernu ordezkariak daude Euskaraldian elkarrekin, gizarte eragileekin batera. Hori ere berria da eta horrek ematen dizkigu baldintzak herritar gehiagorengana heltzeko, baliabide batzuk izateko eta, gainera, herritar gehiagorengana heltzeko, erakunde publikoak eta gizarte eragileak heldu daitezkeen lekutara iritsita.
- Nolako garrantzia dauka komunikazioak horrelako ekimen batean?
Erabatekoa, hain justu lehen esandako kontuengatik. Ekimen berritzailea da eta ezezaguna denez, gizarteari kontatu egin behar zaio zer den egitera goazena. Gainera, ez daukagu erakusteko material gehiegirik, Lasarten eta Agurainen egin zutenaz gain; beraz, komunikazio lana, plangintza eta estrategia baten bidez lortu behar dugu ahalik eta herritar gehienek jakin dezaten zer den Euskaraldia, parte har daitekeela, parte hartzeko zer egin behar den, zer den parte hartzea, zer den ariketa bera, zein egoera aurreikusi ditzaketen, zein zailtasun izan ditzaketen… Hori dena kontatu egin behar da eta horretarako plangintza oso bat dago, esan bezala, ekimen berria delako.
Beharrezko kontuak bi etortzen zaizkit burura: komunikazioa bera eta prestakuntza; herritarrak prestatzea, aholkuak ematea, tailerrak eskaintzea 11 egun horietan egingo duten ariketa horretarako tresnak emateko, eta deserosotasun posibleak ahalik eta modu erosoenean gainditu ahal izateko. Eta, noski, herritarrak prestatzeko ere komunikazioa behar da, ez bakarrik zer den kontatzeko, baizik eta aholku horiek beraiengana heltzeko.
Gainera, halako lankidetza batean kanpo-komunikazioa badago, baina barne-komunikazioan ere lan asko dugu egiteko. Ehundaka pertsona daude, edo milaka batzordeak kontuan izanda, eta koordinazio orokorrean, herrietan, lurraldeetan, nahiz alor desberdinetan gertatzen dena elkarri kontatzeko komunikazio sare indartsu bat behar da. Lan handia daukagu alde horretatik, eta jakinda aurten ez ditugula helburu guztiak beteko komunikazioari dagokionez ere, oso zaila delako gizarte osoari kontatzea zer den figura bakoitza.
Zentzu horretan, aurten ikusten ari gara ahobizi eta belarriprest izatea gaitasunarekin lotzen direla eta ez dira gaitasunarekin lotu behar. Ariketa egiteko bi modu planteatzen dira eta aurreikusten genuen gertatuko zitzaigula jende guztiak ez ulertzea zer diren. Horregatik badakigu aurtengo 11 egunek lagunduko digutela rol horiek zer diren erakusten eta aurrera begira ere jarraitu beharko dugula lanean.
- Hein batean “Euskarak 365 egun”-en jarraipena ere bada zentzu batean Euskaraldia. Zer nabarmenduko zenuke denbora honetan Sorlandek eta Topaguneak elkarrekin egindako bidetik?
Sorland euskalgintzara loturiko komunikazio-enpresa bat da, eta garrantzitsua da euskalgintzako ikuspegia duen komunikazio-agentzia batekin lan egitea, norabidea elkarrekin eta irizpide berdinekin planteatzea horrela posible izaten delako.
“Euskarak 365 egun” Durangon sortu zen, Sorland, Berbaro eta Topagunearen bidez gainontzeko euskaltzaleen elkarteetara hedatuta, eta horren helburua izan zen euskaldunek, euskaltzaleek, Euskararen Egunaren bueltan plaza hartzea, ikusgarri egitea euskaraz bizitzeko gogo hori eta, zalantzarik gabe, Euskaraldia horren jarraipena izan da.
Bide horretan egon da Sorland gurekin, eta Sorlandek diseinatu zuen irudi grafikoa eta komunikazio estrategia nagusia, Topagunearekin batera. Sorlandek lan hori egin zuenetik elkarrekin aritu gara definizio lan hori egiten. Esate baterako, duela pare bat hilabete erdaldunei ekimenaren berri emateko halako argudiategi bat egin genuen.
Eta zer nabarmenduko nukeen? Euskalgintzaren erabateko ikuspegia duen agentzia bat dela eta, hori horrela izanda, guztiz zentzuzkoa dela elkarrekin aritzea.
* Argazkia: KARKARA.