Apirila amaieran salatu genuen bezala, Googleko bilatzaileak gaztelerazko bertsioa lehenesten zuen euskarazko bertsioaren gainetik. Hau da, euskaraz konfiguratutako webgune baten bilaketa egitean, erakusten zen lehen emaitza gaztelerazko bertsioa zen.
Arazoaz ohartuta, gai honen inguruan gehiago informatzen hasi ginen eta Katalunian egoera berdina ematen zela ikusi genuen. Katalanek Twitter bidez salatu zuten arazoa, eta Googleko kideekin harremanetan jarri ziren. Azken hauek algoritmoa berdina zela eta ez zutela aktualizaziorik egin defendatu zuten, baina errealitateak ez zuen berdina erakusten.
Aliança per la Presència Digital del Català erakundeak egindako ikerketan, 2022ko udaberritik aurrera, Googlek gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanezkoak zigortzen zituela ondorioztatu zuten.
Gauzak horrela, Puntueus Fundazioarekin harremanetan jarri ginen eta gure kezka helarazi genien. Beraiek ere arazoa antzeman zutela jakinarazi ziguten, eta azterketa sakon bat jarri zuten martxan ondoren emaitzak Googleri bidaltzeko asmoz.
Hilabete honetan jakin berri dugu arazoa konponduta dagoela Puntueus Fundazioak beste zenbait eragilerekin batera egindako lanari esker. Google ere honen gainean mintzatu da bere algoritmoan aldaketak burutu dituela esanez eta aurreratzean bilaketa-hizkuntza guztiak kontuan hartuko dituela adieraziz.