Informazio gardena eta COVID19
Ugariak dira Fagor Taldea osatzen duten kooperatibak; ugariak bai zenbat diren bai zelakoak diren begiratuta. Ugaritasun hori dela-eta, ez da beti erraza mezu zehatzak eta argiak ideiatzea eta koordinatzea. Alde horretatik, irudikatu zitekeenik eta egoerarik konplexuenetakoa da COVID19ak ekarri duen osasun krisia eta lan zein enpresa munduan izan duen eragin gogorra.
Edozelan ere, krisi honek eta alarma egoeraren ondorengo konfinamenduak berretsi egin ditu azken hilabete hauetan Fagor Taldearekin lantzen hasita geunden komunikazio premiak. Komunikazio zeregin moduan, markaren balio korporatiboak zaintzeko erronka are interesgarriagoa bihurtu da testuinguru honetan, zer eta industria lako esparru batean; tradizioz enpresa bakoitza bere arloarekin loturiko gai espezifikoak besterik ez komunikatzera ohituta dagoen lan esparru bat.
Balio kooperatiboak osasun eta ekonomia krisi betean
Balio kooperatiboak dira, zalantza izipirik barik, Fagor markaren ezaugarri korporatibo funtsezkoenetako bat. Lehentasunezko helburuetako bat izan da, beraz, taldea osatzen duten kooperatibei eta pertsona kooperatibistei helaraztea, mezu nagusi moduan, komunitatearen elkarlanak zenbaterainoko balioa duen gaur egungo osasun eta ekonomia erronkei aurre egin ahal izateko.
Fagor Taldeak bizi izan ditu iraganean ere egoera gaitz eta larriak, eta halako zailtasunetatik hainbeste ikasi duen taldearen sendotasunak, dudarik gabe, mezu horri indar berezia eman dio sasoi latz honetan.
Izan ere, giro honetan mezu kontraesankorrek gainez egitea saihestezina bihurtu zaigu, eta ia 10.000 pertsonak osatutako erakunde bati kalte handia eragin ahal zion beldurrak eta ziurgabetasunak. Ondorioz, ezinbestekoa izan da koronabirusaren testuinguruan egindako lanei eta hartutako erabakiei buruzko argibideak argitasunez jakinaraztea; baita krisiaren aurretik zehaztutako erronka korporatiboen bilakaerari buruzko berriak ematea ere.
Spot koporatiboa eta kanpaina sare sozialetan
Informazio hori guztia Fagor Taldearen komunitatean zabaldu behar zen, batetik, bere izaera indartzeko; baina, baita gizarte osoan ere, oro har, erronka sozioekonomikoz betetako etorkizunari aurre egiteko ezagutza eta balioak transmititzeko helburuarekin.
Fagor Taldeak mezu hauek guztiak sintetizatu eta hedatu gura izan ditu telebistan zein sare sozialetan zabaldu duen spot korporatibo baten bitartez. Online estrategiaren baitan, eraginkorra gertatu den publizitate inbertsio baten aldeko hautua ere egin du, bestalde,100.000 ikustalditik gora lortuz, osotara, Facebookekoak eta Youtubekoak gehituta.