Skip to main content

5. etapa

Gaur irla ikusi dugu. Eguraldi ederra egin digu. Dagfinn Arntsen alkatea etorri zaigu bila eta uharteko mendietara igotzeko bidea hasten den tokiraino eraman gaitu. Hantxe utzi gaitu. Berak ezin du etorri, lana dauka. Kontuz ibiltzeko esaten digu. Bidezidor arriskutsuak dira batzuk eta itsaslabar ikaragarriak. Horixe da, izan ere, paraje honi ikusgarritasuna ematen diona: itsasotik bertatik “ateratzen” diren mendiak.

IMG 5278

Edgar Allan Poe-k ere horrela ikusiko zituen mendiok. Ikusgarriak. Ipuin bat argitaratu zuen 1841. urtean itsasoko zurrunbilo baten ingurukoa. Mendi hauetako gain batetik ikusten den zurrunbilo erraldoi bati buruzkoa da, hain zuzen ere. Antza #Værøy uhartean kokatu zuen ipuin hori. Værøy-ren hegoaldetik Lofoten irla-katearen hasiera ikusten da. Gertu dago. Hortxe gertatu zen istorioa.

Argumentua: Maelström fenomenoak inspiratuta dago istorioa, Norvegiako kostaldean gertatzen den zurrunbiloa da. Moskenstraumen itsasartea zeharkatzen duten korronteek eta mareen handitasunak bat egiten duten tokian gertatu ohi da femomenoa. Poe-k ipuin bat sortzen du beste baten barruan. Gizon adindu batek egiten du narrazioa. Kontatzen duen ipuin horretan bertan zahartu zela bapatean: “Egun bakar batean zuritu zitzaizkidan nire ileak, ahuldu nire gorputz-adarrak eta birrindu nire nerbioak”.

Narratzaileak kontatzen du itsasoratu egin zela egun baten bere bi anaiekin. Urakan beldugarri bat sortu zen eta itsasontzia harrapatua geratu zen. Bi anaiak hil egin ziren bertan, eta narratzaileak berak kupel bati helduta erdigunera salto egin zuen, han ikusten zuenarekin ahozabalik geratu zelarik. Zehaztu ezin den denbora baten ondoren ezagun batzuek itsasontzira jaso zuten.

IMG 5097 1

Gehiagorako ere eman du egunak. Gaur landetxe batean afaldu dugu. Sorland-eko alkate-ordearen ostatua da. Hege Sørli dauka izena eta irlaren iparraldean dago kokatua. Kuriosoa, polita, etxekoa, goxoa iruditu zaigu.

Irlan arrantzatzen duten Stockfish-arekin prestatuko digu afaria. Normalean ez du egiten, baina alkateak eskatu zion guretzako prestatzeko. Stockfish-a bakailaoa da. Urtarriletik martxora bitartean arrantzatzen dute. Horixe da sasoia. Eta martxotik ekainera bitartean eskegi egiten dute horretarako prestatua duten egurrezko egitura batzuetan. Irla egitura horietaz beteta dago. Stockfish-ak 15 urte ere iraun dezake lehortuta. Sasoi baten oso-oso jaki garrantzitsua izango zen. Seguru. Italia eta Nigerian saltzen da antza. Nigerian oso gustoko dute.

Hegerekin elkarrizketa interesgarria izan dugu. Urteak daramatza irlan turismoarekin zer-ikusia duten ekintzak bultzatzen. Bisioa dauka. Baina esaten digu irlan ez dagoela horretarako bisiorik. Arrantzak nahikoa lan ematen die eta ez dute ikusten gauzak aldatzeko beharrik. Guk komunikazioaren ikuspuntutik egin beharko luketenaren inguruan gure iritzia eman diogu.

IMG 4979Afaria  amaitu dugunerako 22:00ak dira eta landaetxetik gure etxera bost bat kilometro daude. Oinez goaz. Aurora boreala ikustea nahi dugu. Egun ona ei da horretarako. Ikusi, ikusi dugu, baina oso urrun dago eta amatatu samar ikusten dugu. Argazkietan ikusten diren berde horietakoa behintzat ez da. Hala ere, gaua polit-polita da. Ikaragarria. Izarrak gertu ikusten dira, izarloka pare bat ikusi ditugu.

IMG 5548 1

Sorlandeko natura aberastasuna gaur blogean hizpide: itsasotik ateratzen diren mendi eta zurrunbiloak, aurora borealak eta izarlokak…