Skip to main content

sorland martxoak 8

Hain errotuta dagoen sistema patriarkal honetan, komunikazioaren sektorea ere oso esparru konplexua da emakumeontzako. Oso sektore feminizatua izan arren, hau da, komunikazio langileen gehiengoa emakumezkoak izan arren, erabaki postuetan gizonezkoak dira nagusi.

“Estatuan, Publizitate Gradua duten %58a emakumeak dira, baina soilik %14ak lortzen du sormen zuzendari izatea. Eta piramidean gora egitean, datuek behera egiten dute drastikoki, sormen zuzendari orokorren %1a soilik baita emakumea.” (IPMark)

Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, Sorlandeko emakumeak mahainguruan bildu gara komunikazioaren munduan emakumeok ditugun erronkei buruz hausnartzeko. Lana, kontziliazioa, lidergotza eta komunikatzaile bezala sortzen ditugun mezuekiko dugun erantzukizuna izan dira elkarrizketa honetan jorratu ditugun gaietako batzuk.

 

Zein dira emakumeok gure lan ibilbidean aurkitzen ditugun mugak?

BIZITZA VS LANA
Ibilbide profesional sendo bat eraikitzeak esfortzu eta denbora asko inbertitzea eskatzen du, eta komunikazioaren sektorea lanaldi amaigabez eta azken orduko aldaketez beteta dago. Lan eredu hau, eredu iraunkorrago batean bihurtzen badugu, errazagoa izango da guztiontzat bizitza pertsonala eta profesionala kontziliatzea.

Kontziliazioaren balantza hau asko desorekatzen da emakumeon kasuan bereziki, ama izatea erabakitzen badugu. Askotan ama ala profesionala izate artean aukeratu beharrean aurkitzen gara, eta biak izatea erabakiz gero, bi munduak kontziliatzea etengabeko borroka batean bihurtzen da.

Beraz, aukeratzeko gaitasun librea izan behar dugu, emakume, ama eta profesional nola izan nahi dugun erabakitzeko, sistema berriak eraikitzeko.

ZAINTZA LANAK
Egun bizitzen ari garen pandemiak, inoiz baino gehiago utzi du agerian zaintza lanen garrantzia. Lan feminizatuak eta ordaindu gabeak dira hauek, eta gizartearen erdigunean jartzeko premia handia dago. Ezinbestekoak diren heinean, duten balioa aitortu eta ekonomikoki saritu beharko litzatezke lan hauek.

Pandemia dela eta, telelanak nolabait zaintza lanak eta lan profesionala uztartzeko flexibilitate handiagoa eskaini digu, baina, ama diren emakumeen kasuan, flexibilitate hau ongi kudeatzen ez bada etsai bihurtu daiteke, eguneko 24 orduak ordaindu gabeko lanordu bihurtuz.

LIDERGOTZA
Non daude emakumezko lider erreferenteak? Gizartean ditugun lider erreferenteak gizonezkoak dira, lidergotza eredu autoritario eta boteretsua bultzatzen da orokorrean.
Lider diren emakume erreferenteak behar ditugu. Lidergotza berri bat asmatu behar dugu, eta gure eredu eta erreferente propioak sortu.

Gaitasun berberekin, emakume izate hutsagatik gizonezkoak baino gutxiago sentitzen gara esparru eta lan askotan. Gure lanarekiko konfiantza falta hau oztopo ikaragarria da lidergotza eta botere postuetara iristeko.

EMAKUMEA KOMUNIKABIDEETAN
Lan ereduez gain, komunikatzaile bezala zabaltzen ditugun mezuekiko dugun erantzukizunaz ere aritu gara. Argi dugu lehen onartzen ziren mezu asko egun onartezinak direla, egungo kanpainen atzean zorionez emakume gehiago gaude eta gure ikuspuntua ere kontutan hartzen da.

Zaila da hainbeste urtetan ikusi dugun eta gizartean hain errotuta dauden estereotipo horietaz desegitea, baina hauek ikusteko betaurreko moreak janztea beharrezkoa da.

Finean, gizarteko beste esparru askotan bezala, komunikazioaren munduan ere, hamaika dira emakumeok aurkitzen ditugun mugak eta oztopoak. Eta hauek borrokatzeko eta eraldatzeko lehen pausuak etxean eman behar dira. Gu, Sorlandetik hasiko gara.