Online erosketek sinesgabeki gora egiten duten bitartean, Amazon multinazionalak 175.000 langile berri hartu ditu hilabeteren bueltan Estatu Batuetan soilik. Aldi berean, krisiarekin 250.000 denda itxi beharretan aurkitu dira Estatu Batuetan, Amazonen domeinuari bidea garbi utziz. Eta honela, herrialdeko online salmenten % 40a bere webgunearen bitartez gertatu da.
Gorako joera bilaketetan
Amazon hitzaren online joera aztertzerakoan, zera ikusten dugu: urtero errepikatzen diren interes-gailurrez gain (Black Friday eta gabonak), aurten martxo erdialdetik aurrera interesak nabarmen egin duela gora, Black Friday-ko mailara helduz.
Monopoliora bidean?
Teknologian maiz gertatzen den bezala, merkatua zabaltzen hasten denean makro-enpresa batek hartzen du merkatu-kuotaren zatirik handiena. Hori da Amazonekin gertatzen ari dena. Online salmentak nabarmen igotzen ari diren garai honetan, ecommerce erraldoiak ez du lehiarik aurkitu bere hedapenerako bidean.
Gure esku geratzen da online eskaeraren gorakadari erantzuteko prestatu eta gure merkatuan lehiatzea edo Amazoni monopolio bilakatzen uztea.