Euskararen Nazioarteko Eguna,
ekintzailetza eta boluntario lana aitortzen
2024
Bezeroa
Eusko Jaurlaritza

Bat, bi, ehun…
Euskararen geroa ehunduz
Bidegile edo bultzatzaile batekin hasten dira egitasmo gehienak. Gero norbanako horrek beste norbait erakartzen du. Eta hark beste bat. Eta ekin eta ekin, batekin hasi zena, ehun laguneraino iristen da.
Aldi berean, ehun lagun direnerako, ez da batuketa matematiko bat bakarrik lortzen, “ehunak” sortzen dira, hortik sortu genuen, hain zuzen ere, edizio honetako proposamena, “ehun” hitzaren esanahi bikoitzarekin jolastuz: “bat, bi…ehun! Euskararen geroa ehunduz” ideia kreatiboa.
Ekintzailetzak eta boluntario lanak euskararen biziberritzean izan duen ekarpena aitortzea izan da 2024ko Euskaren Nazioarteko Egunaren funtsa, euskararen alde elkartzen garenean sortzen ditugun sareak eta egindako lanak aldarrikatzeko.
Sare eta lan horiek ilustratzeko, Eneko Sagardoy eta haren familiaren lekukotzak ekarri ditugu oholtzara. Euskarak izan dituen milaka eta milaka ekintzaile gorpuztea eta haien ekarpena omentzea izan da helburua. Bere ibilbideak bide eman digu atzoko, gaurko eta biharko euskararen ekintzailetasunari buruzko esperientziak aurkezteko.

HAZKUNDE ESPONENTZIALAREN IRUDIA
Hazkunde esponentzialaren jokoa irudikatzeko kaleidoskopioa hautatu dugu. Euskararen alde lan egiten dutenek bezala, kaleidoskopioan ere, pieza bakoitzak ondokoak eragiten ditu.
Kaleidoskopioko elementu bakoitzak, bere nortasuna du, bere dohain eta mugekin, eta sortzen diren elementu-taldetxoek ere beste horrenbeste, baina osotasunean, ehun bat osatzen dute, koloretsua, aniztasuna adierazten duten osagaiekin.


TELEBISTAKO EKITALDIA ETA ANTZEZLAN BATEN ARTEAN
Euskararen aldeko ekintzailetasunaren kontzeptua modu poetiko batean erakutsiko duen gidoia landu dugu. ETB1ek zuzenean ematen duen saioa da honakoa, eta hori dela eta, formatu arina izan du eta eskaletaren erritmoa zorrotz eraman dugu.
Dena den, telebista saio klasiko baten egiturari antzezlan ukituak eman dizkiogu aktorea den aurkezlea izan dugula baliatuz. Obra batean bezala, bere familiaren esperientzia pertsonalak euskararen historian zehar harilkatuz, euskarazko hezkuntzaren sorrera, Durangoko Azokaren lana edota euskara sustatzen duten elkarteen eta euskarazko antzerki taldeen ekarpena izan ditugu hizketagai.

HITZARTZEAK, MUSIKA ETA IKUS-ENTZUNEZKOAK
Enekoren familiaren pasarteko geldialdien tartean, hitzartzeak izan dira ekitaldiaren beste ardatza. Ibone Bengoetxea Otaolea lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Imanol Pradales Gil Lehendakariaren eskutik euskararen inguruko gogoeta estrategikoa jaso dugu.
Ikus-entzunezkoen bitartez Korrikan, Euskaraldian, Euskal Wikilarien edo Librezale sareetan boluntarioek egindako lana ezagutu eta nabarmendu da.
Ekitaldiari musika Malentxo Zeberio, Miren Zeberio, Itsaso Etxebeste eta Juantxo Zeberiok jarri diote.







