Durangoko Azoka, kulturaren jaialdia
2025
Bezeroa
Durangoko Azoka
DA!
Durangoko Azokaren 60. edizioak markaren bilakaeran mugarri bat markatu du. Sorlanden, bezero honekin hamarkada bat baino gehiago daramagu lanean eta komunikazio estrategia integrala landu dugu azken ediziorako, DA! markaren izaera, dimentsioa eta balio kulturala modu bateratuan adierazteko helburuarekin.
Marka-diskurtsoaren definiziotik hasi eta irudigintza unibertsala, publizitate kanpaina, seinaletika, prentsarekiko harremanak eta sare sozialetako estrategia arte, euskarri eta espazio guztietan koherentzia eta ikusgarritasuna bermatu dituen proposamena garatu da. Helburua argia izan da: Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdi gisa plazaratzea, bai presentzialki bai komunikazio-esparru guztietan.




KOMUNIKAZIO ESTRATEGIA BERRITUA
Durangoko Azokaren 60. urteurrena inflexio-puntua izan da markaren bilakaeran. Azken hamarkadan DA! markak arrakastaz gauzatu duen berposizionamenduari beste jauzi kualitatibo bat emateko une egokia zela ulertu genuen.
Horren harira, DA! markaren izaera, dimentsioa eta eskaintza osoa modu bateratuan irudikatuko zuen goiburu iraunkor bat proposatu genuen, 60. urteurrena abiapuntu hartuta, etorkizunerako balio izango zuena.
Horrela jaio zen Kulturaren Jaialdia kontzeptua. Kontzeptu honek osotasuna adierazten du: kultur adierazpide guztiak, gune anitzak, askotariko ekintzak, parte-hartze mota ezberdinak eta bizipen ugari, guztiak jaialdi bakar batean bilduta.
IRUDIGINTZA, UNIBERTSO INFINITU BAT
Azken urteotan komunikazioaren paisaia errotik aldatu da: plataforma berriak, euskarri anitzak eta digitalizazioak markek publikoarekin harremantzeko moduak eraldatu dituzte. Testuinguru horretan, DA! markaren erronka nagusietako bat kontsumo-modu berrietara egokitzea izan da, komunikazio koherente eta moldakorra bermatuz.
Horregatik, euskarri guztietarako baliagarria izango den unibertso bisual bakar bat sortzea proposatu da, edozein arte diziplinatatik abiatu zitekeena, baina DA!k erabiltzen dituen euskarri guztietara egokitua. Spotak, kartelak, seinaletika, sare sozialetako edukiak edo poltsa bereziak elkarlotzen dituen unibertso bat. Kartel bakar batetik baino, osotasun kontzeptual batetik eraikitako irudigintza.
60. Durangoko Azokako unibertso bisualaren sorkuntzaz Iratxe Reparaz arte zuzendaria arduratu da. 60 zenbakitik abiatuta, forma desberdinak garatu ditu, lau kolore-konbinazio erabiliz. Sistema horretatik sortu dira kartelak, poltsak eta gainerako euskarriak.
Ideia hori Sorland Komunikazio Agentziarekin partekatu ostean, unibertso hori komunikazio-euskarri guztietara aplikatu da, modu koherente eta malguan. Horrela, edizio honek “ez du kartel bakarra: denak ditu”.



SARE SOZIALETAKO ESTRATEGIA
Sare sozialetako estrategian, plataformen algoritmoetara egokitzea eta gazteak jo-puntuan jartzea izan da abiapuntua, edukiak formatu, tonu eta erritmo egokian sortuz, ikusgarritasuna eta irismena handitzeko. Erabaki horrek edukiaren eraginkortasuna lehenetsi du, joera eta kontsumo-modu berrietara egokituz.
Durangoko Azokaren 60 urteko ibilbidea balioan jartzeko, eduki bereziak sortu dira, memoria kolektiboa eta Azokaren dimentsio kulturala azpimarratuz. Horrez gain, zozketen bidez jarraitzaileekin interakzio zuzena sustatu da, komunitatea aktibatzeko eta parte-hartzea handitzeko.
Publiko gazteengana iristeko helburuarekin, eduki sortzaile batekin elkarlana landu da, azokaren mezua hizkuntza eta kode berrien bidez zabaltzeko. Ekintza horien bidez, DA! markaren presentzia digitala indartu eta publiko berriak erakartzea lortu da.

PUBLIZITATE KANPAINA
DA! Kulturaren Jaialdia claim-a eta edizio honetarako sortutako irudigintza izan dira aurtengo publizitate kanpainaren oinarriak. Estrategia orokorrarekin bat eginez, kanpaina telebistan, irratian eta batez ere euskarri digitaletan garatu da.
Inbertsioa nagusiki formatu digitaletara bideratu da, bereziki banner, bideobanner eta preroll bideoetara, Durangoko Azokarentzat egokienak ziren formatuen alde eginez.
25 segunduko spota eta sare sozialetarako pieza laburra Iratxe Reparazek zuzendu ditu, Muga ekoiztetxearekin elkarlanean. Dantza garaikidea eta lengoaia sinbolikoa erabiliz, piezek Durangoko Azokaren ibilbidea irudikatzen dute, amaieran DA! marka erdigunean jarriz.





ESPAZIOAK GIDATZEN DITUEN SEINALETIKA
Seinaletikaren bidez, azokako guneen antolaketa argia eta ulergarria bihurtzen da bisitarientzat, espazioen ikusgarritasuna bermatuz eta publikoaren ibilbidea modu naturalean gidatuz.
Gune bakoitza modu identifikagarrian seinalatu da, bertako programazioa eskura jarriz eta Landako Guneko egitasmo nagusiak bistararaziz. Kanpo seinaletikak kohesio bisual sendoa eman dio beste urte batez azokari, DA! markarekin lotura zuzena azpimarratuz.
Horrez gain, gune bakoitzeko eszenografia eta euskarriak espaziora egokituta diseinatu dira, marka-presentzia eta batasun irudia indartuz.
Bi gune berriren sorrera: Atartea eta Berbagailua
Atartea eta Berbagailua guneak sortu dira aurten. Atartea, arte ederren plaza eta Berbagailua, podcasten plaza. Gune hauen izenak sortu ditugu, koloreak ezarri, deskribapena eman eta dekorazioa nahiz seinaletika pentsatu eta ekoitzi ditugu.

PRENTSAREKIN HARREMAN ESTRATEGIKOA
Komunikazio lantaldearen lanari esker, Durangoko Azokak beste urte batez prentsaren arreta erdigunean jartzea lortu du, azoka aurreko hilabeteetan zein azoka egunetan. Helburua argia izan da: Azoka agenda mediatikoaren lehen lerroan kokatzea.
Irailetik aurrera, harreman jarraitua eta planifikatua landu da hedabideekin, Azoka gerturatu ahala intentsitatea handituz. Prentsa-kudeaketa aktibo horrek presentzia etengabea bermatu du albistegietan, telebista saioetan, webguneetan eta irrati magazinetan.
Azokaren une gorenean ikusgarritasuna maximizatu ondoren, komunikazio lantaldeak lortutako emaitzek berresten dute egindako esfortzu estrategikoa: Durangoko Azoka, beste behin, kultur agenda eta informazioaren erreferente nagusi gisa kokatu da.












