Skip links

burukoa_ekolurra

EKOLURRA.
Marka baten zigilua.


ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) 2008an sortu zen, eta bertako elikagai ekologikoen sustapena du zeregin nagusi.

Azken urteetan aldaketa handiak gertatu dira, bai gizartean, oro har, bai ENEEKen barruan ere: merkatua asko aldatu da, produktu ekologikoen eskaera gora doa, eta erosketa ohiturak aldatu dira; baita komunikatzeko bide eta moduak ere.

Komunikazio Plana

Gaur egungo testuingurua kontuan hartuta, marka estrategia eta komunikazio plana eskatu zion ENEEKek Sorland agentziari. Hainbat produktu ezberdin eta ikuspegi ugari bateratu behar dituen sektorea izanik, marka azterketa batekin hasi ginen.

Lehen pauso bezala, ikerketa kualitatibo bat egin genuen Aztikerrekin, ENEEKen barne mailako iritziak eta esperientzia ezagutzeko. Ikerketa horren emaitzak eta beste zenbait ikerketek emandako datu esanguratsu batzuk sakon aztertu genituen, ondorio interesgarrietara iritsiz.

Ekoizpen ekologikoak dituen balioen asoziazioak gero eta positiboagoak dira, eta elikagai ekologikoen kontsumoa gora doa. Kontsumitzaileen gehiengoak, ordea, ez daki zehatz zer den ekologikoa, eta beste kontzeptu batzuekin nahasten dute: naturala, gertukoa, osasungarria…

Gainera, marka nortasun grafikoei dagokionez, euskal elikagai ekologikoak identifikatzen zituen zigilua ez zen ezaguna gizartean.

Komunikazio helburuak

Gabezi horiek identifikatuta, beraz, komunikazio helburu zehatzak finkatu genituen ENEEKen marka estrategia ideiatzeko.

Lehenik eta behin, bertako produktu ekologikoentzat marka nabarmentasuna erdiestea: bertako produktu ekologikoak zer diren eta zertan bereizten diren jakinarazi behar diogu gizarte zabalari, haien ezagutza eta balorazioa handitu dadin. Ellikagai ekologikoak ordezkatuko dituen markari nabarmentasuna eman behar zaio gizartean: presentzia eta garrantzia publikoa.

Bigarren helburu gisa, marka posizionamendua egokia eta erakargarria izatea lortu behar dugu. Ezaguna ez ezik,
desberdina eta erakargarria ere izan behar du gure markak. Horretarako, interesatzen zaizkigun balio eta ezaugarri jakin batzuei lotuta ezagutarazi behar dugu (ekologikoa, bertakoa, osasungarria…), ikonografia propio egokiarekin (ingurumena, ekoizle arduratsuak, lan moduak…).

Helburu horiek lortu ahal izateko komunikazio estrategia diseinatu genuen. Gainkomunikatutako gizarte batean bizi garela kontuan izanik, milaka marka ari direla egunero bere mezuak zabaltzen, eta mugatua dela gu guztion arreta gaitasuna. Zaila dela, alegia, plaza publikoan nork bere burua nabarmentzea: inbertsio eta lan handia eskatzen du marka ezagun bat lortu eta mantentzeak, eta komunikazio jardun guztia ondo antolatu behar da emaitzak lortzeko.

Sektorean bertan ere marka eta mezu inflazio handia dago, eta nahasmena nagusitu da gizartean. “Garapen jasangarria” egiten omen dute bai baserriek eta baita zenbait enpresa handik ere. “Baserriko produktu” moduan saltzen dira barazki hidroponikoak. “Bio” kontzeptua errazkeria handiz baliatu da urteetan.

“ENEEKek kalitatea eskaini behar du; ez produktuetan bakarrik, baita komunikazioan ere. Horretarako EKO estilo eta ikonografia propioa sortu behar dugu”

Marka eraikuntza

Orain arte, ENEEKek bere logotipoa, bere zigilua eta Europako zigilua erabili izan ditu marka kudeaketan. Hiru identifikazio dira, beraz, ez oso ezagunak gainera: Europako zigilua ez da bereziki nabarmena gure artean; ENEEK marka insitituzionala da, gizartearentzat ezezaguna; eta, produktuetan, aldiz, zigilu bat aurkitzen dugu, ez marka bat.

Hau dela-eta, marka nortasun grafikoa bat eta bakarra izatea beharrezko atzeman genuen: sendoa, propioa, indartsua. Kontseilua eta zigilua marka bakar berarekin identifikatzea, Europako zigilua ere baliatuz. .

Marka horrek, zigilu baten funtzioa bete behar du, batetik, ofizialtasuna eta instituzionaltasuna adieraziz; ekologikoa eta lurrari lotua ere izan behar du, bestetik; eta bertakotasuna iradokiz Europar hostoaren irudiarekin bat egin ere bai.

Ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuz eta hainbat izen eta diseinu proposamen aztertu ondoren jaio da, beraz, marka berria: EKOLURRA. Euskadiko Elikagai Ekologikoak / Alimentos Ecológicos de Euskadi.

“Marka bakar bat eta indartsua behar genuen.”

Ekintza plana

Ekintza plana komunikazio estrategian finkatu ditugun helburuak betetzeko bide-orria da. Baita erakundearen komunikazio arduradunarentzako eguneroko lan-tresna ere.

Seiehundik gora ekoizle bazkide izanik, barne komunikazioa zaintzea eta ondo lantzea garrantzitsua da. Horregatik, proiektua barne publikoei aurkeztea izan zen lehenengo urratsa, eragile guztiak marka berri honen parte sentitu daitezen. Bazkideentzako aldizkari berria ere diseinatu dugu; baita nekazaritza ekologikora igarotzeko urratsa egiten duten ekoizleentzako harrera kita ideiatu ere.

Kanpo komunikazioa lantzen ere hasiak gara, Ekolurra marka ezagutzera emateko eta elikagai ekologikoak zer diren hobeto gizarteratzeko. Datozen hilabeteetan hainbat azoka ere antolatuko ditu ENEEKek, eta marka berriaren aurkezpen ofiziala ere egingo dugu, harreman publikoak eta berrigintza indartzeko.

 

Erlazionatutako lanak

sorland mugarriak

Urmuga

sorland mugarriak

Ekolurra

sorland mugarriak

Itzuli

sorland mugarriak

Biba ardoak

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies