Skip links

Sindikalgintza indarberritzen


Zerbitzu osoko agentzia baten beharrean hurbildu zen ELA Sorlandera duela 15 urte. Denetariko komunikazio beharrizanei erantzuteko ahalmena zuen agentzia baten bila.

Azken urteetan, komunikazio ekintza zehatzetan lan egiteaz gainera, Sorland agentziak gogoeta estrategikoak egiteko ikerketa soziologikoak burutzen eta aholkularitzan lagundu dio ELAri, ekintza komunikatiboak epe ertaineko ikuspegiarekin planifikatzeko.

ELA Euskal Herriko sindikaturik handiena da, 100.000 afiliatu baino gehiagorekin. Euskal Herri osoan dauka ordezkaritza eta, jakina denez, errealitate soziolinguistiko oso ezberdinak daude herrialde eta eskualdeen arabera. Guk komunikazio zerbitzu osoa eskaintzen diegu, euskaraz zein gaztelaniaz.

Indarberritzen eta Indar Betean kongresuak

Lau urtero egiten den ohiko azken kongresua 2018an burutu zen. Gogoeta-epe estrategikoari erantzuten zioten gaiei buruz eztabaidatzeko kongresua izan zen hura.

2019an, berriz, ez ohiko kongresua burutu zuten idazkari orokor berria izendatzeko; Mitxel Lakuntzak hartu zuen ordura arte Txiki Muñozek betetako zeregina.

Garaiak garai eta aldaketak aldaketa, indartsu dagoen sindikatua da ELA, eta ideiak garbi eta eguneratuta dituena. Horregatik aukeratu genuen “indar” kontzeptua esloganetarako, bi kongresuak lotuko zituen ardatz moduan.

Bata, gai estrategikoei buruz eztabaidatzeko kongresu batetik indarberrituta ateratzeko aurreikuspenarekin: Indarberritzen. Eta bigarrenean, indartuta atera den sindikatu baten gidaritza berriaren aldartea erakutsiz: Indar betean.

Indarberritzea eta indar betea ideia nagusi moduan hartuta, beraz, irudigintza ere landu genuen, eta Bilboko Euskalduna eta Donostiako Kursaal jauregietan ospatu ziren tamaina handiko bi ekitaldiak aurrera eramateko premia guztiak aztertu eta irudiak euskarri ezberdinetan lantzen hasi ginen.

Kongresu bien zuzendaritza artistikoa eta produkzioa hartu genuen gure gain, bere osotasunean: gidoigintza, eszenografia, euskarrien diseinua, soinua, argiztapena, zuzeneko bideo-edizioa eta grabaketa.

Alda, gizarte osori zuzenduriko aldizkaria

ELA sindikatuarekin lantzen ari garen komunikazio estrategia berritu honen baitan, 2018 hasieran euskarri berri bat ere jarri genuen kalean: Alda aldizkaria. Alda gizarte osoari zuzenduriko aldizkaria da, ez aldizkari sindikala; bisuala, askotariko pertsonak agertzen direna eta eduki periodistikoak lantzen dituen aldizkaria da, atal bereiztuekin.

Horretarako, diseinugintza grafikoa lantzean ere bereizi behar genuen aldizkari hau. Alda izenaren grafismoa eta bere garapena landu genituen lehenengo. Alda izenaren amaierako A irauli genuen, gizartea aldatu nahi duen aldizkari baita, eta Benton familiako tipografiak erabili ditugu, estilo eta tamaina ezberdinekin irakurketa arintzeko.

Atalak bereizteko koloreak eta errekurtso grafikoak erabili ditugu; argazkigintza zaintzeko irizpideak ere ezarri genituen, azkenik, bertan azalduko diren pertsonekiko gertutasuna bilatzeko.

Sindikatu handi baten komunikazio premia ugariei erantzuteko ahalmena zuen agentzia bat behar zuen ELAk, aholkularitza estrategikoaz eta ekintzen zuzendaritzaz eta produkzioaz arduratzeko.

XXI. menderako sindikalgintza

Azkenengo urteetan komunikazio estrategikoaren gogoetan lagundu dio Sorlandek ELAri komunikazioa eraldaketarako tresna paregabea dela jabetuta.

Marka azterketa batekin hasi ginen, sindikalgintzako ikerketa ezberdinak irakurri genituen eta ELAk egiten duen komunikazioa goitik behera aztertu genuen. Egiten diren kanpaina eta zeregin komunikatibo guztien analisi kritikoa egin, eta bi-hiru urteko ikuspegiarekin ikusgarriago edo entzunago izateko erabakiak hartu genituen exekutibako kideekin elkarlanean.

Orain, euskarri ezberdinen berrikuntzan lanean jarraitzen dugu, eta aldi berean sortzen ari garen euskarriei ideia kreatibo berriak aplikatzen.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies