Skip links

ELHUYAR.                          Ezagutza aurreratua aplikatzen


Laster mende erdiko ibilbidea beteko du Elhuyarrek. Zientzia euskaraz landu nahi zuten unibertsitateko ikasleek hasitako egitasmoak aitzindari izaten jarraitzen du. Egungo Elhuyar gaurko enpresa, gizarte-eragile eta administrazioen erronkei erantzuteko diziplina anitzeko lan-talde sortzaileak osatzen du.

Zientziaren gizarteratzea eta hezkuntza. Adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak. Hizkuntza zerbitzuak eta euskara planak. Berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa. Anitzak dira Elhuyarrek gaur egun eskaintzen dituen zerbitzuak.

Zerbitzu-eskaintza hori guztia ez ezik, bere lan-moldeen ikur dituen aitzindaritza, konpromisoa eta kalitate-bermea lako balioak kontuan hartuz, marka estrategia berritua ideiatzen eta eraikitzen lagundu geniezaien deitu ziguten.

Marka azterketa euskal gizarteari loturiko erakunde aitzindari batentzat

Lehenengo egitekoa marka azterketa egitea izan zen, Sorland Agentzian erabili ohi dugun metodologiarekin. Markaren izaera, lehiakortasun eta irudi ikuspegiak kontuan hartuta, ikerketarako zeharkako bideak baliatzeaz gainera, bide zuzenak luze-zabal landu genituen.

Batetik, sakoneko talde elkarrizketak egin genituen: Elhuyar taldearen ibilbidea zein gaur egungo jarduna ezagutzen duten patronatukideekin; aliantza-sareko adituekin; eta Usurbil zein Durangoko egoitzetako lan-taldeetako hainbat kideekin. Bestetik, online galdetegiak egin genizkien bi multzo nagusiri: zerbitzu ugarietako bezero-erabiltzaileak; eta Elhuyar taldeko langile guztiak.

Marketing digitala ere zehatz aztertu genuen, aktibitate handiko webguneak eta sare sozialak baitzituen abian Elhuyarrek. Marka askok hartuko luketena ere badu Elhuyarrek, gainera: erabiltzaile trafiko handia. Aktibo digital horiek guztiak marka lanketarako nola antolatu ez ezik, beraz, lan komertzialerako etekina nola atera ere aztertu genuen.

Azterketa hau guztia, noski, Elhuyarren zuzendaritzakideekin kontrastatuz joan ginen, urratsez urrats.

Marka estrategia diziplina arteko zerbitzuentzat

Euren zerbitzu ugariei osotasuna emango zien marka estrategia ideiatzeko eta eraikitzeko laguntza profesionala behar zuten, beraz, elhuyarkideek: izaerazko balioen zaintza egungo ikuspegi lehiakor batekin uztartuz, marka posizionamendua berritzea.

Marka diskurtsoa ardazteko, Elhuyar euskal gizartean ezagutza aurreratua aplikatzen duen erakunde moduan definitu genuen. Enpresa, gizarte-eragile eta administrazioei irtenbide berritzaileak sortzen laguntzen dien erakundea, mundu globaleko egungo erronkei erantzunez, diziplina arteko ikuspegiarekin.

Marka diskurtso horri guztiari sinesgarritasuna ematen dioten egiaztabideak dira lan-talde gaitua, zerbitzu anitzak, 50 urteko ibilbidea, ehunka bezero eta eguneroko egitasmo eta arrakasta kasuak.

Marka posizionamendu bateratu horrekin, marka arkitektura sinplifikatzea hobetsi genuen; aurrez Elhuyar lau zerbitzu azpimarkatan banatzen zuen arkitektura, bakarrera murriztea. Marka oso bakar horrekin, marka eraikuntza eta nabarmentasuna hobeto lantzeko aukera ez ezik, diziplina arteko zerbitzuen eskaintza komertziala indartzeko modu eraginkorrago izango du Elhuyarrek.

2.Elhuyar euskarriak

Guztiarekin, marka nortasun grafikoa gaurkotzeko beharra ere ikusi genuen, marka osoa ezaugarri bateratu eta lehiakorrekin irudikatzeko.

Edonola ere, restiling grafiko sotila egin dugu horretarako; izan ere, Elhuyarren marka nortasun grafikoa ezaguna eta ondo eraikia baita. Elhuyar izenaren tipografia leundu egin dugu, ertzak borobilduz. Kolore, iruditeria eta argazkigintzan, berriz, zenbait ezaugarri berritu edo indartu ditugu: dinamismoa, teknologia, araztasuna eta abar.

Ekintza plana 50. urteurreneko ospakizunak begiz jota

Marka estrategia ideiatu eta marka nortasun grafikoa gaurkotu ondoren, bi-hiru urteko ekintza planari ekin diogu.

Lehenengo egitekoa markaren webgune nagusia berritzea izan da, oinarrizko SEO lanketa eta analitikak doituz, diseinua marka nortasun grafiko berriarekin bateratuz; eta, marketing digitalean Elhuyarri helburu komertzialerako konbertsioak lortzeko baliagarriak izango zaizkion tresnak ere proposatuz. Webgunearekin batera, boletin digitalak eta sare sozialak doitzeko lanari ere ekin diogu.

Komunikazio komertziala hobetzeko, bestetik, marketing digitala ez ezik, bestelako euskarriak eta kanalak ere prestatzen dihardugu: marka nortasun grafiko berriaren ezarpena aurkezpen zein lanerako material ugarietan; eta datozen hilabeteetan ere lanketa honekin jarraituko dugu: zerbitzu eskaintzarako esku-orria eguneratu, hedabideentzako marka dossierra sortu,…

Guztia, mugarri suspergarri bat begiz jota: 2022an beteko ditu Elhuyarrek 50 urte.

“Aukera paregabea izango da 50. urteurrena gaurko Elhuyar zertan den ezagutarazi eta biharko euskal gizarte osoaren garapenari egin diezaiokeen ekarpena komunikatzeko”.

Erlazionatutako lanak

sorland mugarriak

BERRIA, badakizuenentzat

sorland mugarriak

ELHUYAR. Ezagutza aurreratua aplikatzen

sorland mugarriak

FUR&GO, furgoneta arruntak kanper bihurtuta

sorland mugarriak

Urmuga

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies