Identitate bisual korporatiboa eta web garapena
2021
Bezeroa
Elhuyar
MARKA AZTERKETA
Lehenengo egitekoa marka azterketa egitea izan zen, Sorland Agentzian erabili ohi dugun metodologiarekin. Markaren izaera, lehiakortasun eta irudi ikuspegiak kontuan hartuta, ikerketarako zeharkako bideak baliatzeaz gainera, bide zuzenak luze-zabal landu genituen.
Batetik, sakoneko talde elkarrizketak egin genituen: Elhuyar taldearen ibilbidea zein gaur egungo jarduna ezagutzen duten patronatukideekin; aliantza-sareko adituekin; eta Usurbil zein Durangoko egoitzetako lan-taldeetako hainbat kideekin. Bestetik, online galdetegiak egin genizkien bi multzo nagusiri: zerbitzu ugarietako bezero-erabiltzaileak; eta Elhuyar taldeko langile guztiak.
Marketing digitala ere zehatz aztertu genuen, aktibitate handiko webguneak eta sare sozialak baitzituen abian Elhuyarrek. Marka askok hartuko luketena ere badu Elhuyarrek, gainera: erabiltzaile trafiko handia. Aktibo digital horiek guztiak marka lanketarako nola antolatu ez ezik, beraz, lan komertzialerako etekina nola atera ere aztertu genuen.
Azterketa hau guztia, noski, Elhuyarren zuzendaritzakideekin kontrastatuz joan ginen, urratsez urrats.

MARKA ESTRATEGIA
Euren zerbitzu ugariei osotasuna emango zien marka estrategia ideiatzeko eta eraikitzeko laguntza profesionala behar zuten, beraz, elhuyarkideek: izaerazko balioen zaintza egungo ikuspegi lehiakor batekin uztartuz, marka posizionamendua berritzea.
Marka diskurtsoa ardazteko, Elhuyar euskal gizartean ezagutza aurreratua aplikatzen duen erakunde moduan definitu genuen.
Enpresa, gizarte-eragile eta administrazioei irtenbide berritzaileak sortzen laguntzen dien erakundea, mundu globaleko egungo erronkei erantzunez, diziplina arteko ikuspegiarekin.
Marka diskurtso horri guztiari sinesgarritasuna ematen dioten egiaztabideak dira lan-talde gaitua, zerbitzu anitzak, 50 urteko ibilbidea, ehunka bezero eta eguneroko egitasmo eta arrakasta kasuak.
Marka posizionamendu bateratu horrekin, marka arkitektura sinplifikatzea hobetsi genuen; aurrez Elhuyar lau zerbitzu azpimarkatan banatzen zuen arkitektura, bakarrera murriztea. Marka oso bakar horrekin, marka eraikuntza eta nabarmentasuna hobeto lantzeko aukera ez ezik, diziplina arteko zerbitzuen eskaintza komertziala indartzeko modu eraginkorrago izango du Elhuyarrek.

MARKA NORTASUNA
Edonola ere, restiling grafiko sotila egin dugu horretarako; izan ere, Elhuyarren marka nortasun grafikoa ezaguna eta ondo eraikia baita. Elhuyar izenaren tipografia leundu egin dugu, ertzak borobilduz. Kolore, iruditeria eta argazkigintzan, berriz, zenbait ezaugarri berritu edo indartu ditugu: dinamismoa, teknologia, araztasuna eta abar.
Guztiarekin, marka nortasun grafikoa gaurkotzeko beharra ere ikusi genuen, marka osoa ezaugarri bateratu eta lehiakorrekin irudikatzeko.

EKINTZA PLANA
Marka estrategia ideiatu eta marka nortasun grafikoa gaurkotu ondoren, bi-hiru urteko ekintza planari ekin diogu.
Lehenengo egitekoa markaren webgune nagusia berritzea izan da, oinarrizko SEO lanketa eta analitikak doituz, diseinua marka nortasun grafiko berriarekin bateratuz; eta, marketing digitalean Elhuyarri helburu komertzialerako konbertsioak lortzeko baliagarriak izango zaizkion tresnak ere proposatuz. Webgunearekin batera, boletin digitalak eta sare sozialak doitzeko lanari ere ekin diogu.

50. URTEURRENA
Sorlanden Elhuyarren 50. urteurrenerako ideia kreatiboa sortu dugu: 50 urte aurrerago
Hau izan da urteurreneko ekintza eta ekitaldi guztiak harilkatu dituen goiburua. Azaroan, Kursaalen 50. urteurreneko ospakizun ekitaldi nagusirako eskaleta, gidoia eta eszenografia landu ditugu eta ekitaldiaren zuzendaritza eta produkzio lanak egin ditugu.







