HEZTEN
Nortasun ahozko eta grafikoko marka



Hezten, hezitzaileak
garelako

Aisialdi euskaltzalea, euskararen normalkuntzan espezializaturiko zerbitzu profesionalak eskaintzen ditugulako.

Udalekuak eta aterpeak antolatzen, hezitzaileen zein gurasoen formakuntza osatzen, begiraleei tituluak eskaintzen.

Dena, euskara ardatz dutela eta hizkuntzaren normalkuntza espezializatua lantzea bereizgarri nagusi.

Pertsonen hazkundea oinarri duten heziketa prozesuak euskaraz diseinatu eta garatzeko zerbitzu eta aholkularitza profesionala eskaintzen die Heztenek administrazioei, ikastetxeei eta familiei. Horretarako osatu dute diziplinarteko lan-taldea; hezitzaileek, soziolinguistek, psikologoek, biologoek, … osatuta.

PROIEKTUARI BURUZKO INFORMAZIOA

Ibilbide, bereizgarri eta zerbitzu eskaintza gaurkotu horrekin, aurretik Urtxintxa izenarekin lan egin duen lan-taldeak marka berri bat eraikitzea erabaki du 2022an, eta Sorland agentziako kideok zeregin horretan parte hartzeko aukera eduki dugu.

hezten-sorland

\\ MARKA ESTRATEGIA ETA AZTERKETA

Marka azterketa egitea izan zen gure lehen egitekoa. Lan-taldeko kide zein bezero eta kolaboratzaileekin hiru talde osatu genituen, xede-taldeotako pertsonekin sakoneko elkarrizketak egiteko, ohi dugunez, markaren hiru ikuspegiak landuz: marka izaera, lehiakortasuna eta irudia.

Hezten osatzen duen lan-taldeak eta garatzen dituen egitasmoak balio hezitzaile bereizgarriak, aisialdi arloan ezagutza nahikoa eta xede-taldeetan izen ona dutela ondorioztatu genuen. Oinarri ona, beraz, hiru komunikazio premia nagusiei ekiteko: marka berria sortu eta posizionatzea, komunikazio komertziala indartzea eta marka garapena zein zerbitzu-eskaintza lantzeko komunikazio plana abian ezartzea.

\\ MARKA NORTASUN BERBALA ETA GRAFIKOA

Hezkuntza ez formalean zein euskararen normalizazioan aisialdiak duen garrantzia aditu guztiek onartzen dute. Aisialdiak, edonola ere, gizartean ez du beti hezkuntza arautuak duen prestigioa etorkizuneko herritarrak hezteko eta hazteko garaian.

“Hiru komunikazio-behar nagusiei ekiteko oinarri egokia: marka berria sortu eta kokatzea, merkataritza-komunikazioa indartzea eta komunikazio-plana abian jartzea.”

hezten_logo
hezten-proposamenak

Izengintza lantzean oso presente eduki genuen gai hori, hezkuntza kontzeptua marka izenera bertara eramanez, marka posizionatzeko. Hezkuntza, gainera, zeregin dinamiko eta etengabe moduan ulertu dadin nahi genuen. Horregatik formulatu dugu gerundioan: hezten.

Marka posizionamendua indar handiagoz bereizteko, gainera, Heztenek eskaintzen duen balio erantsi eta onura nagusia eraman dugu claim edo goiburua sortzean, molde deskriptibo eta esanahi argiarekin: aisialdi euskaltzalea.

Marka grafikoan, berriz, bai logotipoaren sorkuntzan eta baita irudigintzaren lanketan ere, dinamismoa ta harmonia bilatu dugu, kolore eta forma anitzak eta leunak erabiliz, lan taldearen profesionaltasuna, baikortasuna eta diziplinartekotasuna islatzeko asmoz.

hezten-mockup