Irudika, komunitatearekin batera eraikitako marka
2025
Bezeroa
Irudika (Monte Albertia LH)

Irudia: Irudika
MARKA BERRITZEA
Monte Albertia lanbide heziketako ikastetxeak bere marka berritzeko erabakia hartu zuen: ez bakarrik gaurkotzeko, baizik eta birkokatzeko, gaur egungo balioei eta komunitatearen beharrei erantzuteko. Prozesu horretan laguntzeko, Sorland komunikazio agentziari markaberritze integral bat eskatu zion: marka nortasun berria sortzea, ondoren markaren ezarpena garatzea, eta azkenik sare sozialetako estrategia berritzea.
Proiektuaren abiapuntua argia izan da: marka berritzea ikastetxearen identitatea berridazteko aukera izan da, bere komunitatearekin batera eraikia. Horregatik, markaren posizionamendua definitzeko eta kontzeptu nagusiak finkatzeko, ikasleak eta irakasleak prozesuaren parte bihurtu ditugu. Ikasleekin hainbat lan-saio egin ditugu, eta irakasleekin galdetegi bidezko lanketa garatu dugu, ikastetxearen balioak eta indarguneak identifikatzeko, eta barne errealitatea eta kanpo xede-taldeekiko posizionamendua bateratzeko.






MARKA LANKETA PARTE-HARTZAILEA
Lanketa horren emaitza izan da marka nortasun berria: izengintza, goiburua eta logotipoaren diseinua. Ikasleekin eta irakasleekin egindako lan-prozesutik ondorengo balio eta kontzeptu nagusiak atera dira, marka berriaren oinarri gisa:

MARKA LANKETA PARTE-HARTZAILEA
Izengintzarako, hiru bide kontzeptual nagusi landu ditugu:
Gertutasuna = Euskara
Profesionaltasuna = Lana
Sormena = Irudia / Irudimena
Bide horien emaitza izan da marka berria: IRUDIKA, Irudi Pertsonaleko Lanbide Heziketa. Ikastetxearen izaera, balioak eta etorkizunerako begirada modu argi eta garaikidean biltzen dituen identitatea.
Markaren erabilera koherentea bermatzeko, marka nortasun eskuliburua sortu dugu, arau nagusiak eta aplikazio adibideak jasotzen dituen dokumentua. Horrez gain, markaren ezarpenerako euskarriak diseinatu ditugu: eraikineko seinaletika, papergintza, aurkezpenak, uniformeak eta merchandising-a.

PRESENTZIA DIGITALA
Markaberritzearekin batera, IRUDIKAren sare sozialetako estrategia garatzen ari gara gaur egun. Marka berriaren diskurtsoa eta nortasuna kanal digitaletara eramateko, eduki-ildoak eta tonu komunikatiboa definitzen ari gara, ikastetxearen balioak eta eguneroko jarduna modu koherente eta erakargarrian komunikatzeko. Helburua da komunitatearekin harreman hurbilagoa eraikitzea, IRUDIKAren izaera eta hezkuntza-proiektua sare sozialetan modu jarraituan eta esanguratsuan islatuz.







EMAITZA
IRUDIKAk bere identitatea gaurkotu eta birkokatzeko oinarri sendoa lortu du. Marka berriaren bidez, bere balioak eta ekarpena modu koherenteago eta eraginkorragoan komunikatzeko tresnak eskuratu ditu, bai barne-komunitatearentzat bai kanpo xede-taldeentzat.











