Skip links

1

Urmuga,
Euskal Herria batu duen muga.


Urak Kantaurira eta Meditarraneora banatzen dituen ertza mendiz mendi zeharkatuz, musika lagun, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera eta hegoaldetik iparraldera batu duen ekimen nazionala izan da Urmuga. COVID19ak ekarri digun egoera aurretik sortutako ideia izanik, une zailean, ausardiaz gauzatua.

Sorlandarrok gogotsu jardun dugu zeharkaldi honetan lankidetzan, marka estrategia eta kanpo komunikazio bulegoa ez ezik, babesletzak lortzeko egitekoa geure gain hartuz. Ezin zuen bestela izan, komunikazioa bidaia bat dela diogu-eta.

Gogoko tokian, aldaparik ez

Ekimen ugari geratu da bertan behera pandemia garaian. Tartean, euskal kulturarekin eta herri- bizitzarekin loturiko asko eta asko. Urmuga gauzatzeko ere aukera hobeen zain geratu gintezkeen, baina, ekimen honetan buru-belarri ibili garen guztiok euskal kultur sortzaileek eta zaleek erabaki bereziak behar dituzten ustekoak gara. Garai ez ohikoetan, are erabaki bereziagoak.

Konfinamendu egoera betean erabaki genuen aurrera egitea, apirilean eta maiatzean gaia aztertu eta gero, eta erlojuaren kontra antolatu, egokitu eta berregokitu behar izan genuen dena. Emaitza, baina, bikaina izan da. Eguraldia ere lagun izan dugu, egia da. Gainerako guztia, dena den, jende askoren ahaleginaren lorpena da: tokian tokiko herritarrek, Euskal Herri osoko artistek zein zaleek, eta enpresa babesleetako zein erakunde publikoetako arduradunek.

Hala erakusten dute uztailaren 14tik abuztuaren 1era, egunik egun, pilatutako zenbakiak ere: 194 mendizale, guztira, 384 kilometro eta 25.000 metroko desnibel metatua osatzeko; 10 kontzertu, 100 artista inguru eta 6.000tik gora ikusle.

Zalantzarik barik, onarpen zabala izan du Urmugak, eta bere nekeekin poz handiak eman dizkigu. Datozen udatan ere errepikatu beharreko esperientzia izan da.

Marka estrategia, babesletzak eta komunikazio bulegoa

Bidaia hau asmo bat besterik ez zenean azaldu ziren Sorlanden Urmuga ekimeneko sustatzaile nagusiak: Felipe Uriarte mendizalea eta Migel Zeberio musikaria. Marka nortasun grafikoa sortu eta branding euskarriak egin geniezazkien nahi zuten. Hain gurea sentitu genuen egitasmoa, ordea, berehala bihurtu ginela bidaide.

Komunikazioa eta ekintza batera doazela sinestuta, marka estrategia ideiatzeari ekin genion, eta, artean diru-iturririk bako egitasmoa izanik, gure zerbitzuak babesle moduan eskainiko genituela adostu genuen. Marka lanketa zaintzeaz gainera, beste enpresa batzuen babesletzak lortzeko harreman publikoak ere gure gain hartu genuen.

Behin marka estrategia finkatuta eta babesletzak lortuta, ekimena martxan jartzeko zenean, komunikazio bulegoaren osaeraz eta zuzendaritzaz ere arduratu ginen, ekintza plana gauzatuko zela eta ekintza horiek bide-orria jarraituz koordinatu eta optimizatuko genituela zaintzeko.

Noski, marka nortasun grafikoa eta marka euskarriak ere sortu genituen.

“Urmuga Euskal Herria mendien, musikaren eta komunikazioaren bidez batu duen abentura-bidaia izan da. Zeharkaldi ausarta eta arrakastatsua pandemia garaian. Datozen urteetan errepikatzea merezi duen bizipena.”

Berezko kanal digitalak eskura, eta hedabide orokorrak bidelagun

Kanpo komunikazioari begira, webgunea ez ezik, sare sozialak kudeatzea ere sorlandarron egitekoa izan zen ekimenak iraun zuen asteetan: Instagram, Twitter eta Facebook.

Ekimen berria eta, beraz, zerotik abiatutako kanal digitalak izateko, haien jarraipenak ere argi erakusten du Urmugaren arrakasta: 16.000tik gora izan dira webguneraren erabiltzaileak, ia 200.000 bisitak, eta sesioko sei orrialdeko ikusaldiak eta hiru minututik gorako batez bestekoak; sare sozialetan, berriz, guztira, 1.700 dira batutako jarraitzaileak.

Kanal digital propioak lantzeaz batera, baina, indar berezia egin genuen hedabide orokorrak bidelagun izateko, eta emaitza bikainak eman ditu lan horrek guztiak ere.

EITB Taldearekin lankidetza akordioa egin genuen, eta euskarazko zein gaztelerazko telebista kateek informatiboetan landu zuten Urmugaren berri; tartean, zuzeneko konexioak ere eginez. Euskadi Irratian zein Radio Euskadin ere, programa bat baino gehiagotan egin zuten jarraipena. Baita Gaztean ere.

Prentsa idatzian El Correok, Diario Vascok, Berriak, Noticias Taldeak eta Garak zabal informatu dute, berriak ez ezik, elkarrizketak eta erreportajeak argitaratuz. Ipar Euskal Herriko Sud Ouest, Kazeta, Mediabask eta Herria paperezkoetan ere eman zuten Urmugaren berri; baita Euskal Irratiak sareko frekuentziatan ere. Tokiko hainbat hedabidetan ere izan zuen oihartzuna ekimenak; Hitzak astekarietan, Alea-n, Bizkaie!-n edo Euskalerria zein Bilbo Hiria irratietan, adibidez.

Erlazionatutako lanak

sorland mugarriak

Urmuga

sorland mugarriak

Ekolurra

sorland mugarriak

Itzuli

sorland mugarriak

Biba ardoak

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies