Skip to main content

Joan den urtebetean Euskaraldiaren komunikazio estrategia, publizitate sorkuntza eta ekitaldien antolaketa lanetan buru-belarri jardun ondoren, Sorland agentziako kideok geure kabuz eta geure kanaletan ere bat egin gura dugu ariketa sozial honekin.

Horretarako, aste honetan zehar, gure eguneroko arlo profesionala eta euskararekiko betidanik dugun lotura uztartuz, publizitate arloan historia egin duten bost ideia handi berrituko ditugu euskararen erabileraren aldeko mezua zabaltzeko.

Euskaraldia bultzatuko dugu, beraz, batetik, eta publizitate arloko maisuei omenaldia egingo diegu, bestetik.

 

Just do it

Nike etxeak 1988. urtean plazaratu zuenetik mundu osoan alderik alde dabilen mantra bihurtu da “Just do it” kontzeptua. Kirol marka ezagunak aitzakiak utzi eta bi bider pentsatu gabe errepidera irten eta ekitera deitu gintuen ideia horrekin. Ez du ardura momentuak, ez du ardura zailtasunak, ez du ardura emaitzak. Egizu. Besterik ez.

Just do it. Hiru hitz, marketin eta publizitate arloko aditu askoren ustez inoizko marka goiburu onena osatzeko.

 

Egizu

Zenbat aitzakia izaten ditugun euskaldunok ere euskaraz ez egiteko. Askotan ez dela une egokia irizten diogu, hau edo hura minduko dugulakoan. Zaila dela edo ez dugula nahikoa menperatzen iruditzen zaigu beste batzuetan. Ez dugula elkar ulertu ahalko ere bai inoiz.

Egizu. Besterik gabe. Nike markaren ideia handi hori berritu nahi dugu euskararen mesedetan, bere logotipoari ukitu txiki bat eman eta mingain bihurtuz.

 

Leave a Reply