Joan den urtebetean Euskaraldiaren komunikazio estrategia, publizitate sorkuntza eta ekitaldien antolaketa lanetan buru-belarri jardun ondoren, Sorland agentziako kideok geure kabuz eta geure kanaletan ere bat egin gura dugu ariketa sozial honekin.
Horretarako, aste honetan zehar, gure eguneroko arlo profesionala eta euskararekiko betidanik dugun lotura uztartuz, publizitate arloan historia egin duten bost ideia handi berrituko ditugu euskararen erabileraren aldeko mezua zabaltzeko.
Euskaraldia bultzatuko dugu, beraz, batetik, eta publizitate arloko maisuei omenaldia egingo diegu, bestetik.
The pause that refreshes
Depresio Handiaren garaian korporazio estatubatuarrak beldur ziren salmentek behera egingo ote zuten. Egoera hartan, eguneroko bizitza iluna zenean, Coca-Colak pertsona kezkagabeak eta bizimodu idealizatua eraman zituen publizitatera. Kanpainaren lehenengo urtebetean, salmentak bikoiztu egin ziren! Dirudienez, halako zerbait behar zuten estatubatuarrek adorea berotzeko.
Coca-Colak sarri jo du goia publizitatean, eta hauxe izan zen jendearen iruditerian txertatu zuen lehenengo kontzeptua, 1929. urtean.
Freskatzen duen perpausa
Euskarak ere ez ditu garai errazak bizi, eta ez dugu uste kezkagabetasuna sustatu behar dugunik, baina, baliteke idealizazio pittin batek onik egitea. Adorea berotuko digun zerbaiten beharra, behintzat, badugu euskaldunok.
Hortik, bada, Coca-Colaren ideia arrakastatsuaren gure berrinterpretazioa, garai beretsuko euskal eszena batekin, euskarazko perpausa batek jendearekin harremanak aberasteko dakarren freskotasuna aldarrikatuz.
cocacola: Bilbo. Abrko hondartzak. Turismo-patronato Nazionala. GEZALA. 1929. 62×99. (bilboko arte Ederretako museoaren artxiboa).