Skip to main content

“Sare sozialak eramatea lan erraza da”, “argitalpenak egitea besterik ez da”, “edonork eraman ditzake”… Sare sozialen inguruan hitz egitean askotan entzuten diren esaldiak dira horiek. Eta, egia esan, marka edo enpresa batek estrategiarik ez baldin badu, ez dira oker ibiliko. 

Baina, zer gertatzen da marka batek sare sozialen bidez bere balioak eta lana ezagutzera eman nahi baldin baditu? Bezeroak irabazi edota komunitate bat sortu nahi baldin badu? Kasu horretan, estrategia bat beharrezkoa izango da, hau da, Social Media plan bat.

Eta nola hasi horrelako plan bat egiten? Nola sortu marka baten sareetako estrategia? Zure marka sare sozialetan egoteko garaia iritsi dela pentsatzen baduzu, edota sareetan dituzun profilak orain arte modu egokian ez dituzula kudeatu konturatu baldin bazara, estrategia bat garatu beharko duzu. Ez dakizula nondik hasi? Ba sarrera honetan emango dizkizugu Social Media plan bat egiten hasteko gakoak:

1. Zure enpresa, merkatua eta sektorea aztertu

Hasteko, zure marka eta zure enpresa mugitzen den sektorea zer nolako egoeratan dagoen aztertu beharko duzu. Batetik, zure enpresa zein egoeratan dagoen jakitea ezinbestekoa izango da, horretarako, horrelako galderei erantzunez: krisi egoeran al dago? Zailtasunak izaten ari al da? Edo, aitzitik, azken hilabeteetan bezeroen aldetik gorakada izaten ari da?

Bestetik, sektorea momentu honetan zein egoeratan dagoen ere jakin beharko dugu, sareetan izan ditzakegun aukerak edo zailtasunak zein diren identifikatzeko.

2. Publiko objektiboa zehaztu

Sareetako estrategia behar bezala zehazteko, gure mezuak eta argitalpenak nori zuzenduak dauden argi izan beharko duzu, ez baita berdina 18-30 urte bitarteko gazte batekin edo 50-60 urte bitarteko emakume batekin hitz egitea.

3. Zure lehiakideak zehaztu eta horien sareak aztertu

Zure sektorean mugitzen diren lehiakide zuzenak zein diren jakitea ere ezinbestekoa da estrategia bat martxan jartzerako garaian, eta behin lehiakideak zein diren zehaztuta, horiek sareetan dituzten profilak ere aztertzea komeni da. Izan ere, horrek pista ugari emango dizkigu, eta modu horretan, ezinbestean zein sareetan egon behar dugun eta zein ez diren beharrezkoak erabaki ahal izango dugu.

4. Hitz klabeak zein izango diren finkatu

Puntu honek ere garrantzia izan du sare sozialen estrategian; izan ere, hitz klabe edo keyword-en azterketa sakon bat egitea ezinbestekoa da benetan interesatzen zaizkigun hitzekin posizionamendu egokia lortzeko. Hala, sektorearen inguruko hitzekin eta gure enpresak eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuen inguruko hitzekin zerrenda bat egingo dugu, eta ondoren, Google Trends eta Google Keyword Planner bezalako tresnekin, besteak beste, aztertu ahal izango ditugu zein hitz edo termino diren bilaketa gehien izaten dituztenak. Modu honetan, gure webgunean, interneten egin ditzakegun publizitate kanpainetan edota sare sozialetan erabiliko ditugun hitz klabeak zein izango diren argi ikusi ahal izango dugu.

5. Online erreputazioaren azterketa

Online erreputazioaren azterketa bat egitea ere ezinbesteko pausua da estrategia bat martxan jarri baino lehen. Izan ere, Interneten dagoen informazioa mugagabea da eta gure enpresa edo zerbitzuei buruz blog, sare sozial edo komunikabideren batean hitz egin izana ez da harritzekoa izango. Horretaz gain, webgune bat eta sare sozialak baldin baditugu, zalantzarik gabe nolabaiteko arrasto bat utziko genuen sarean.

Beraz, zehaztutako hitz gakoetatik abiatuta, bilaketak egin beharko ditugu Googlen eta bertako atal guztietan (bideoak, irudiak, albisteak, mapak…) eta gure markaren inguruan zer informazio dagoen eta nolakoa den ikusiko dugu, horren arabera ere erabakiak hartu beharko baititugu.

6. Estrategia zehaztu

Behin analisi sakon hori eginda, informazio ugari izango dugu helburuak zehaztu ahal izateko. Sareen inguruko helburuak zabalak izan daitezke; hala nola, gure markaren irudia hobetzea, bezero berriak lortzea, online erreputazioa hobetzea edota gure bezero eta jarraitzaileekin komunitate bat sortzea, besteak beste.

Modu honetan, sare sozialetan lortu nahi diren helburuak zein diren argi ikustean, estrategia garatzeko ordua iritsiko da, eta orduan erabaki beharko dugu zein sare sozialetan egongo garen, zer nolako edukiak igoko ditugun eta zein maiztasunekin egingo ditugun argitalpenak sare bakoitzean.

Ikusten duzun bezala, ez da lan makala eta ordu asko eskaini beharko dizkiozu azterketa sakon hau egiteari,  baina behin lan hori eginda, prest egongo zara estrategia on bati ekiteko!

Leave a Reply