Sorland izango da gure zerbitzu osoko komunikazio agentziaren izen berria. Orain arte di-da zenaren webguneko blogari izenburua eman diona gure marka izena izango da aurrerantzean.
Komunikazio arloko beste lanketa guztiek bezala, izengintzak ere – ingelesezko naming izenez ezagutzen dugunak– baditu bere betekizunak. Eta, noski, bezeroei eskaintzen dieguna guretzat hartuz, estrategia eta sormen betekizun horiek zaindu ditugu gure marka berriaren izena hautatzean ere.
Marka izen on batek deigarria, bereizgarria eta iradokitzailea izan behar du, batetik: aurrez ezagunak zaizkigun kodeak berritu, izaera bakarra zehaztu eta kontzeptu esanguratsuak uztartu.
Marka izenak, bestetik, laburra, esangarria eta moldagarria izan behar du: erraz esan eta gogoratzekoa hizkuntza ezberdinetan, eta garapen aukera luzekoa iraun dezan.
Marka izenak, gainera, sinesgarria, koherentea eta emankorra ere izan behar du: aukerak ahalbidetu diskurtsoa garatzeko, euskarri ugaritan ezartzeko eta istorio onak kontatzeko.
Sor. Sorkuntza. Sorlan. Sorkuntza lana. Sorland. Lurralde bat sorkuntza lanerako. Balio proposamen bereizgarria eta sinesgarria bi silaba deigarri eta esanerrazetan laburbilduta. Eta istorio onak iradokiz, oinarrizko marka nortasun berbala osatzen duen goiburuan islatu nahi izan dugun bezala.
Sorland: markak hazten diren lurra.
Oharra: marka izen on batek beste betekizun garrantzitsu bat ere baduela: erregistragarria izan behar du zailtasun legalik sortu gabe, eta arduratu gara horretaz ere.