Marka indartsu bat eraikitzeko oinarriak ezartzeko gure bezeroei aholkatu ohi dieguna betez, Sorland komunikazio agentziaren nortasun berbal eta bisuala bere marka kontakizuna sortuz osatu nahi izan dugu.
Ikasketa eta hazkuntza abentura moduan ulertzen dugu marka lanketa. Komunikazioa bidaia bat da: marka bakoitza dagokion lekura eramateko estrategia sortzailea eta ekintza kanpaina.
Deitu diezaiokegu gizartea, merkatua edo ingurunea. Berdin dio. Edozein enpresa edo erakundek kontestu lehiakor batean kokatu behar du. Gaurko jendearen balioak eta kaleko giroa ezagutu. Ekonomiaren gorabeherak eta eguneroko bizi-baldintzak aztertu. Lehiakideen helburuak eta biharko haize-boladak aurreikusi.
Edozein markak aukeraz eta mehatxuz beteriko lurralde batean egin behar du bidea, berari dagokion lekua irabazteko. Eta guk, komunikazio zerbitzu osoak eskainiz, bidaia horretan lagundu nahi diegu gizarte zein administrazio erakundeei, zerbitzu zein industria enpresei eta euskal marka komertzialei.
Sormenaren lurraldean bizi gara. Bi hamarkadako esperientzia duen komunikazio arloko profesional taldea eta sarea osatzen dugu. Egitasmo ugariren bidelagun izan gara, helburu eta abiapuntu desberdinetako lanetan.
Komunikazio kanpaina bakoitza abentura berri bat da. Marka bakoitzak bere bide-orria eta bidaiariak behar ditu. Helburu horiek aztertuta, lankide eta kolaboratzaile onenekin osatutako taldearekin egingo dugu lan.
Hemen, markak hazten diren lurrean.