Aste beteko bidaia egin dugu Sørlandera (Norvegia). Baina zertarako? Zergatik?
Bost urtetako ziklo estrategikoa bukatuta, bezeroei egiten diegun marka azterketa berbera eginez hurrengo urteetako ibilbidea definitu genuen, eta udako oporretara joatean pertsiana botata di-da agentzia “itxi” egin genuen. Oporretatik bueltan, berriz, Sorland, zerbitzu osoko komunikazio agentzian ekin genion lanari. 18 urteko ibilbidean ikasitakoak ikasita di-da zeneko langileok beste batzuk bihurtu gara, eta hori ondo irudikatzeko beste agentzia bat eratu dugu.
Sorland da agentzia berri hori. Marka berri hori. Sor. Sorkuntza. Sorlan. Sorkuntza lana. Sorland. Lurralde bat sorkuntza lanerako. Balio proposamen bereizgarria eta sinesgarria bi silaba deigarri eta esanerrazetan laburbilduta.
Eta nola eman behar genizuen erabaki handi horren berri? Ekitaldi bat antolatuta? Euskarri publizitario berezi bat sortuta? Sorland marka erregistratzen eta sareetarako prestatzen genbiltzala, duela jada zenbait hilabete, topatu genuen Norvegiako Sørland izeneko herria. Arazo bat legez ikusi beharrean, aukera ezin hobea dela ulertu genuen eta bertara bidaiatzea pentsatu genuen.
Batetik, bertakoei euren herriaren izena erabiliko dugula esateko; alkateari, adibidez. Ez genuen baimenik behar, izena sasoiz legeztatua geneukalako. Begirune kontua izan da.
Bestetik, gure eguneroko lanean marka lanketa bidaia moduan ulertzen dugulako. Komunikazioa eta brandinga pausoz pauso egiten diren bidea direlako. Abiapuntutik estrategia eta norabide egokia ezarriz, biderako beharrezko marka baliabideak prestatuz, ekintza plana egunero gauzatuz eta bidea ibiliz. Hain zuzen ere, ikuspegi hori hobeto islatzeko “markak hazten diren lurra” goiburua jarri diogu gure markari.
Eta zein da bidaia, abentura eta marka aurkezteko beharrizana batu izanaren emaitza? Norvegiako Sørland-era egin dugun bisita. Hori izan da, hain zuzen ere, bidaia honen arrazoi nagusia.
Bertako gizartearen balioak, eguneroko giroa eta marketing zein komunikazio arloa ezagutu ditugu. Horretarako, hango komunikazio agentzia, enpresa, elkarte eta bestelako erakundeetako arduradunekin elkartu gara, eta, haiena ezagututa, geurean sakontzeko aukera izan dugu. Gogor lan egin eta asko ikasi dugu.
Eta geuk ere hobeto ulertu dute gure bidaiaren zergatia. Lehenengo egunean, Bødo herrian lo egin genuen etxeko jabeak ere argi zuen: “Ez dago marka indartsurik istorio on bat barik. Zuen bidaia hau oso istorio polita da, herriko komunikabideari emango diot horren berri”. Halaxe agertu ginen BodoNu hedabidean.
Ferryra gure bila Sørlandeko alkatea bera etorri zitzaigunean ere ulertu genuen bidaia hau berezia zela. Eta irlako arrantza-enpresa handieneko gerenteak kafea eta pastekin hartu gintuenean ere gauza berbera sentitu genuen.
Berezia izan da han, eta berezia hemen ere. Gure bezero gehienek jakin dute Sorland markaren sorrerari buruz. Agentziari izena aldatzea erabaki estrategiko garrantzitsua ez ezik, pausu delikatua ere izanik, esango genuke bete dugula gure helburua. Berposizionatu gara. Etorkizunak esango du onerako izan den ala ez. Guk lanean jarraituko dugu; planifikatuta, sormenetik, egitasmo bakoitzerako lan-talderik onena bilduz.
Gure berposizionamendua, baina, burututa zegoen. Estrategia horrekin hazi gara azken urteetan, eta ezberdin egin gara. Behin barne aldaketa eginda, uda honetan kanpora begirako irudia aldatu dugu.
Horregatik esan dezakegu marka azterketa on bat eginez gero, eta posizionamendua ondo zehaztuz gero, marka aldatu egin daitekeela. Azterketaren ondorioetatik hausnarketa zorrotza egin eta aukerarik onena hori bada, beldurrik barik egin daiteke. Aukerak eta mehatxuak ondo neurtuz, noski, eta indarguneak baliatzeko eta ahulguneak zaintzeko baliabideak ezarriz eta lan eginez.