2. etapa
Euskal Herritik Sørlanderako bidai luzean, Nordland probintziako hiriburua den Bodø hiria izan dugu lehen helmuga. Bertan igarotako egunak askorako eman du.
Norvegiak hotz hartu gintuen, baina orduak aurrera joan ahala, goxatzen eta gozatzen hasi ginen, etxean bezala sentitzeraino.
Eguneko lehen hitzordua Bodøko liburutegian izan genuen Samien kultura eta hizkuntza zabaltzeko departamentua ezagutzeko.
Samiak Eskandinaviako iparraldean bizi den talde etnikoa da. Samiak guztira 80.000 bat lagun direla kalkulatzen da, eta hizkuntza galtzeko arriskuan duten arren, gizatalde hau tradizionalki samieraz mintzatu izan da.
Bertan Maria ezagutu genuen, departamentuko teknikaria eta berak kontatu zigunez, Samiera lau hizkuntzatan eta bederatzi dialektotan banatu daiteke. Gainera, Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusian zehar sakabanatua dago. Samiera urteetan zehar jazarrita egon da eta beraietako asko Sami izateaz lotsatu egin izan dira. Horren adierazle, Bodøko liburutegian dagoen honako argazki zahar hau: bertan bikote nagusi azaltzen da eta beraien bilobak oinetakoak ezabatu dizkiete, oinetakoak direlako Sami izaera erakusten dutena. Orain, zorionez, Samiera berreskuratzeko lanetan ari dira eta herritarren prestigioa irabazten ari da.
Guretzat, hizkuntza gutxitu honen egoera ezagutzea berezia izan da. Izan ere, di-da bere sorreratik oso lotuta egon da euskalgintzari, bai bere balioengatik, baita parte hartu izan duen proiektuengatik ere. Horregatik, parte hartu dugun zenbait proiektu azaldu dizkiegu: Korrika, Berbalagun, Euskaraldia,… Elkartruke aberasgarria izan da oso, elkarrengandik asko dugu ikasteko eta elkarlanean aritzeko zenbait eremu ere zabaldu zaizkigu.
Elkarlanerako zubi gehiago bilatuz, eguneko bigarren hitzordua gure sektoreko enpresa batekin egin genuen, By North branding eta diseinu agentziarekin. Bertako hiru sortzaileekin bildu ginen, elkarri gure lan metodologiaren berri emanez. Egindako zenbait lan erakutsi genizkion elkarri eta etorkizunean egon daitezken elkarlanerako aukerei buruz ere hitz egin genuen.
Guk bezero ditugun zenbait euskal produktu (gazta, sagardoa eta txakolina) eraman genizkien opari gisa eta beraiek euretako baten garagardotegira eraman gintuzten, bertako artisau garagardoaren marka ezagutu eta dastatzera.
Badirudi gure bidai honek interesa piztu duela eta hemengo Bodø Nu komunikabideak elkarrizketa bat egin zigun, gure egitasmoaren berri emateko.
Honekin bukatu da Bodøko egonaldi labur baina emankor hau. Gaur Sørlanderako norabidea hartuko dugu Norvegiako itsaso hotzean zehar eta han beste abentura batzuk izango ditugu zain. Egunero esperientziaren berri ematen jarraituko dugu hemendik, sorland.eus|etik.