6. etapa
Azkenengo eguna izan zen atzokoa Sørland-en, Værøy irlan. Hainbat bazter ikusi barik utzi ditugu, hainbat gauza egiteko eta pertsona interesgarri asko ezagutzeko.
Hala ere, atera genion zukua azken egunari. Gaur egingo dugun Bodørako bidaia prestatu dugu. Oraingoan helikopteroan goaz; irla goitik ikusi eta argazki batzuk egiteko asmoz.
Goizean goiz joan ginen “Lofoten Viking” enpresara. Munduko stockfish ekoizle handiena da eta irlako arrantza produktuen ekoizlerik handiena ere bada. Bertako kudeatzaileak, kafea eta bonboiekin gozo hartu gintuen. Euskaldunok bakailaoarekin daukagun lotura berehala ulertu zuen.
Sektoreari buruzko zenbait datu eman zizkigun: enpresa-talde batekoak dira, mundu mailako bakailao salmentarik handiena egiten duena. 140 herrialdetara eramaten dute arraina eta Espainiako estatuan saltzen den bakailao guztia talde honek ekoizten du. Mercadonara doazen kokotxen kutxak erakutsi zizkigun.
Euskal Herrira ondorengo arrainak ekartzen dituzte: Izokina eta Fiordoetako arrankaria, sakonerako hainbat arrain, bakailaoa tarteko, zefalopodoak eta mariskoak, gatzetan gordetako eta lehortutako arrainak eta sardina zahar eta antzekoak.
“Lofoten Viking” enpresa bisitatu ondoren, herritar batek sortu nahi duen museoaren zati bat ikusi genuen. Antza, 1900eko lehen hamarkadetan, industria aktibitatea eta herriko bizitza portuaren inguruan gauzatzen zen; baina denborarekin herria irlaren erdigunerantz joan zen apurka-apurka, leku hori bizitzarik gabe geratu arte.
Duela urte batzuk, bertako arrantzale eta eraikuntza lanetan ibiltzen den gizon batek portuko etxeen berreskurapena abiatu zuen.
Museoa oraindik itxita dago, baina guk denda izan zena ikusteko aukera izan genuen.
Denboran bidaiatu genuen bertan sartzearekin batera.
Badirudi Gobernuak ez diola laguntzarik ematen eta inork ez duela interesik, eta bere kasa dabil proiektua gauzatzen.
Gaur Dagfinn Arntsen alkatearekin egotekoak gara berriz ere eta Sørland herriari buruzko marka azterketa prestatu diogu. Lanketa benetan interesgarria egin daiteke hemen. Ikaragarrizko aukerak ematen ditu irlak. Izaera propioa dauka. Paisaia ikaragarria. Jende jatorra. Polita litzateke herri-marka (irla-marka hemen) eraikitzen laguntzea hemengo agintari eta herritarrei, pena urruti geratzen zaigula gure Sorland-etik.