1. Etapa
Sørland Norvegian dagoen herri arrantzalea da. Værøy irlaren hegoaldean kokatzen da eta irlaren populazio gune nagusia da. 584 biztanle dira guztira.
Sorland Agentzia komunikazio zerbitzu osoak eskaintzen dituen Euskal Herriko agentzia da; di-da komunikazio agentzia ohia. Hamaika profesionalen talde egonkorrak eta hainbat aliaturen sareak osatzen dute.
Bi Sorland horien arteko lotura eraikitzera goaz orain, astebete iraungo duen bidaia batean.
Agentziako kideok bidaia moduan ulertzen dugu komunikazioa eta marka lanketa. Duela 18 urte hasi genuen bidaia di-da agentzia sortu genuenean. Diseinugintza eta itzulpengintza zerbitzuak eskatzen zituzten garai hartan euskal enpresa, elkarte, erakunde eta bestelako entitateek. Balioetan oinarritzen zen agentzia baten bitartez eskaini genizkien guk zerbitzu horiek.
Bidelagun izan ditugun bezeroak marka indartsuak bihurtu dira ia bi hamarkadetako ibilbidean. Eta haiei erantzuteko zerbitzuak gehitzen eta lan-taldea espezializatzen joan gara gu. Hala, gaur egun marka batek eskatzen dituen komunikazio zerbitzu osoa eskaintzen dugu. Eta osotasun hori islatzeko, rebranding prozesu batean gaude murgilduta orain.
Azken batean, duela 18 urte di-darekin hasi genuen bidaiari etapa berri bat erantsi nahi diogu Sorland agentzia bihurtuz.
Eta zer hobeto etapa berri hori eszenifikatzeko Sørland errealera bidaiatzea baino?
Atzo irten ginen bertara Sorlandeko zuzendari orokorra, Gorka Barruetabeña; eta sorkuntza zuzendaria, Gotzon Garaizabal.
Aste betez, komunikazio lanketarako bidaia egingo dugu Sorlandetik Sørlandera: bertako gizartearen balioak, eguneroko giroa eta marketing zein komunikazio arloa ezagutuko ditugu. Horretarako, hango komunikazio agentzia, enpresa, elkarte eta bestelako erakundeetako arduradunekin egin dugu hitzordua.
Barrura begirako bidaia ere izango da, noski, 18 urte beteta, berritu egin den marka baten aukera eta mehatxuei buruzko gogoetak ere bilduko ditugu.
Atzoko egunak ez zuen eman hegazkinerako baino asko gehiagorako. Fiordoen artean bidaiatzea ez da erraza. Dena den, ondo aprobetxatzen saiatu ginen garraio orduak: hurrengo egunetako hitzorduak itxi, hitzordu horietan erabiltzeko Sorland agentziaren aurkezpena ingelesera itzuli…
Bihar iritsiko gara Værøy irlara; Sørland kokatzen den irlara.
Egunero esperientzaren berri ematen jarraituko dugu hemendik, sorland.eus|etik.