Skip to main content

Komunikazioa bidaia bat dela diogu. Marka bat bere lekura eramateko bidaia. Eta iaz, bidaietan handienari ekin genion guk. 18 urte betetzearekin batera, gure buruaz beste bat egiteko momentua zela erabaki genuen. Urteen joanean beste agentzia bat bihurtu ginen, eta marka berri bat sortu nahi genuen. Beste lurralde bat sorkuntza lanerako. Horrela jaio zen Sorland. Eta horrela abiatu ginen izen berdina duen Norvegiako uharterantz duela urte bete. Sorlandetik Sørlandera.

3.000 kilometro egin genituen, eta elkartruke aberasgarria eraiki. Sorland agentziaren balio eskaintzarekin loturiko hainbat arlo landu ahal izan genituen bertan: zerbitzu osoko agentzia ikuspegia, lan-moldeen hobekuntza jarraitua, eta komunikaziotik elkarlanean jarduten dugun gizarte eta merkatu arloen ezagutza.

Samien kultura eta hizkuntza zabaltzeko erakundeekin elkartu ginen. Beraien jarduna partekatu zuten gurekin, eta guk parte hartu izan dugun hainbat proiektu azaldu genizkien: Korrika, Berbalagun, Euskaraldia… Horrez gain, gure sektoreko By North agentziarekin ere egin genuen hitzordua, elkarri gure lan metodologiaren berri emateko. Sørlandeko alkatearekin eta bertako museoko arduradunarekin ere egon ginen bilduta, herri marka bat sortzearen onuraz hizketan. Baita Sørlandeko enpresa handienaren arduradunarekin ere, bakailao enpresa bateko kudeatzailearekin, lehen sektoreaz eta produktuen promozioaz eta packagingaz hitz egiten.

Modu horretan, komunikazioa bidaia bat dela berretsi genuen, eta asmatu genuela gure marka berritzea ekitaldi batekin iragarri beharrean espedizio batekin aditzera emanez. Hala, haiena ezagututa, geurean sakontzeko aukera izan genuen. Sørlandar batek esan zigun moduan: “Ez dago marka indartsurik istorio on bat barik. Zuen bidaia hau oso istorio polita da”.

Ibilian gure bidaia hasi besterik ez dela egin ohartu gara. Izan ere, esaten nekatuko ez garen moduan edozein markak aukeraz eta mehatxuz beteriko lurralde batean egin behar du aurrera, berari dagokion lekua irabazteko. Eta guk, komunikazio zerbitzu osoak eskainiz, bidaia horretan lagundu nahi diegu gure bezeroei.

Eskerrik asko gurekin aurrera egiten duzuen guztioi.