Arlo digitaleko kidea naiz, webguneen diseinuaz eta garapenaz arduratzen naiz bezeroaren online presentzia indartzeko.
Azken urteetan ugaritu egin dira atari digitalak, eta horrek agerian utzi du online munduan existitzeak zer garrantzi daukan. Markagintza digitalean diharduen agentzia bat izanik, badakigu urrats bakoitza zehatz-mehatz landu behar dela eta lan-prozesu horretan, UX diseinua (erabiltzailearen esperientzia) nabarmendu behar dugu. Jarraian, zertan datzan azalduko dizugu.
Baina… Zer da UX diseinua?
Web diseinuaren munduan gero eta gehiago aipatzen dira erabilgarritasuna eta erabiltzailearen esperientzia (UX). Bi kontzeptu horiek elkarri lotuta daude; izan ere web erabilgarritasuna ezinbestekoa da erabiltzailearen esperientzia positiboa eskaini ahal izateko.
Erabiltzailearen esperientzia (UX) webgune edo aplikazio batean nabigatu aurretik, bitartean eta ondoren erabiltzaileak duen gogobetetasunari dagokio. Webgune baten erabilgarritasuna neurtzeko, erabiltzeko zer erraz edo intuitiboa den hartzen da kontuan, eta erabiltzailearen esperientzian, berriz, faktore gehiago sartzen dira, erabiltzailearen gogobetetasunari dagokiolako.
Demagun Europako hiri batera bidaiatzeko asmoa duzula eta hegazkineko txartelak erosteko plataforma zehatz bat erabili duzula. Arazo ugari izan dituzu prozesuan, esperientzia negatiboa izan duzula esan daiteke, beraz, webgune hori UX diseinua kontuan hartu gabe garatua dela ondorioztatu dezakegu.
Zergatik da hain garrantzitsua? Pentsatuko duzu…
Esan dezakegu UX diseinu ikuspegia izateak eragin handia duela zure negozioaren metrika garrantzitsuenetan: salmenta bihurketa, uzte edo errebote tasa, fideltasuna, etab.
Erabiltzaile batek zure webguneko produktu bat erosi nahi badu baina ez du lortu, atsekabetuta sentituko da eta, beraz, oso litekeena da esperientzia errepikatu nahi ez izatea. Aurreko adibidearekin jarraituz, hegazkin-txartelak erosteko arazoak izan badituzu, ziurrenik hurrengoan beste atari batean egingo duzu erosketa.
Gehiago jakin nahi duzu? Jarraian UX-en oinarritutako diseinuaren prozesua zein den azalduko dizugu
Erabiltzailea ardatz duen diseinuan oinarrituriko proiektu arrakastatsua sortzeko, hainbat urrats egin behar dira:
Ezinbestekoa da ikerketa sakon bat egitea
Demagun ikus-entzunezko materiala alokatzeko app bat garatu behar dugula. Horretarako, gure publikoa segmentatu eta interesatzen zaizkigun profilak zehaztu beharko ditugu. Ondoren, gure publikoa hobeto ezagutzeko asmoz, inkestak eta elkarrizketak sortuko ditugu. Honek informazio baliotsua emango digu diseinu prozesuan sartzeko.
01
Hurrengo urratsa estrategia definitzea da.
Fase honetan, egindako elkarrizketa eta galdetegiak laburbilduko ditugu. Hortik ateratzen diren ondorioek proiektua kontzeptualizatzen lagunduko dute.
02
Hirugarren urratsa prototipatzea da.
Produktuaren lehenengo diseinu bat egingo da; app edo webgunea nolakoa izango den simulatzen du horrek, eta erabiltzaileak bertan nabiga dezake. Gure kasuan, ikus-entzunezko materiala alokatzeko aplikazioa diseinatzeko gai izango gara, erabiltzaileek eman diguten informazioan oinarrituta.
03
Azkenik, gure app-a frogatuko dugu.
Erabiltzaile talde bat hautatu behar dugu gure prototipoa proba dezan. Puntu honetan, erabiltzaileak produktuarekin duen interakzioan, erabiltzeko moduan, jarri behar dugu arreta. Ez da hain garrantzitsua zer esaten duen, baizik eta nola erlazionatzen den tresna digitalarekin. Gure helburua erabiltzaileak kamera bat erraz alokatzea da eta prozesuan ahalik eta zalantza gutxien izatea baita ere.
04
Laburbilduz, atari digital arrakastatsua garatu nahi baduzu, oso kontuan izan behar duzu erabiltzailea, nola jokatzen duen zure app-arekin aztertu, bere azalean jarri eta diseinua zure publikoaren esperientzian oinarritu.