Sare sozialek gure eguneroko komunikazioan duten eragina nabarmena da. Erabilera txikiagoa edo handiagoa izan, (ia) guztiok gaude gaur egun sare sozialetan, eta ondorioz, marka edo enpresa batentzat ezinbesteko tresna dira ezagutzera emateko.
Ezinbesteko tresna dira, bai; baina ezin dira edozein modutara erabili eta marka batek asko zaindu behar duen kontua da. Baina, hainbeste profilen artean etengabe ikus ditzakegu akatsak marka edo enpresa baten jarduera digitalean. Eta, zein dira, bada, akats ohikoenak?
Honako post honetan bildu ditugu sareetan ikus daitezkeen akats ohikoenak:
- Sare sozial guztietan profilak zabaltzea
Sareek gure bizitzan duten garrantzia ikusita, enpresa guztiek nahi dute bertan egon, modu honetan, bezeroak irabaziko dituztelakoan. Baina, sareak ez badira modu egokian erabiltzen guztiz kontrakoa lortu daiteke, askotan sare sozial guztietan zabaltzen baitira profilak aurretik inolako gogoetarik egin gabe, eta denbora aurrera joan ahala, profilak hutsik edo eguneratzerik gabe uzten dira.
2. Helburuak ez zehaztea
Lehenengo akatsari lotuta dago honakoa; izan ere, marka batek helburu jakin batzuk izango ditu, eta sare sozialen estrategia ere helburu horietara egokitu behar da. Beraz, horixe da egin beharreko lehenengo gauza: helburuak eta publiko objektiboa finkatu. Hala, behin norabide bat zehaztuta, marka edo enpresak zein sare sozialetan egotea komeni zaion erabaki ahal izango du.
3. Edukien estrategiarik ez egitea
Enpresa askok sortzen dituzte edukiak eguneroko martxaren arabera, eta askotan ikus ditzakegu horrelakoak: egun edo aste batean publikazio ugari egitea, eta horren ondoren, asteak edota hilabeteak sare sozial horri batere kasurik ez egitea. Eta hori da, hain zuzen ere, inolaz ere egin behar ez dena; izan ere, norbaitek zure profilen bat bisitatu eta azken publikazioa duela aste askotakoa bada, oso itxura txarra emango zaio bisitariari. Eta horixe da marka batek lortu nahiko lukeen azken gauza, ezta? Bezero batek bere atera jo eta seriotasunik eza ikusi duelako korrika ihes egitea!
Beraz, ezinbestekoa da edukiak eta publikazioak planifikatzea, baita materialak ere ugariak izatea (argazkiak, bideoak, albisteak, eduki interaktiboak, galeriak…)
4. Akats ortografikoak
Akats ortografikoez josita dauden publikazioak ikustea ere, zoritxarrez, oso ohikoa da, eta marka edo enpresa batek puntu honetan ezin du hutsik egin, hizkuntzaren arauak errespetatzea funtsezkoa baita. Beraz, adi egon! Publikazio bat egiten duzun bakoitzean, beharrezkoa den guztietan irakurri testua, eta zalantzaren bat baldin baduzu, hiztegia kontsultatu.
5. Analisirik ez egitea
Aurreko lau puntuak bezain garrantzitsua da azken hau: finkatutako estrategiarekin espero diren emaitzak lortu diren ala ez aztertzea. Hala, zein motatako edukiek edo zer nolako gaiek izan duten inpaktu gehien ikusi dezakegu, eta izandako emaitzen arabera, aurrerantzean estrategia berdina edo antzekoarekin jarraituko den edo estrategia guztiz aldatu beharko den erabaki ahal izango da. Neurketa hauen maiztasuna bakoitzak erabaki beharko du, baina hilabetekoak edo hiruhilabetekoak egitea da ohikoena.