Skip to main content

blog post Mesa de trabajo 1

Badira geure buruari zertarako gauden hemen galdetu behar diegun uneak. Adibidez, hogei urte betetzen dituzunean langintza batean. Edo, adibidez, pandemia betean egokitzen zarenean.

Zertarako gaude hemen?

Galdera horixe egin diogu sorlandarrok elkarri, ohartu garenean dagoeneko hogei urteko bidea egin dugula euskal komunikazio agentzia moduan. Hemezortzi urte di-da izenagaz, eta beste bi gure buruaz beste bat egin eta Sorland deitzea erabaki genuenetik.

Marka eta komunikazio zerbitzu osoak eskaintzen ditugu. Profesionaltasuna, prestakuntza eta esperientzia. Hogei urteotan dozenaka marka eta egitasmorentzat burutu ditugun lan zehatzak ditugu horren egiaztabide. Gure zerbitzuen bermerik onena dira.

Urteurren bat, baina, aurrera begiratu eta etorkizuna ospatzeko arrazoi bat da, atzera begira iragana handiesteko baino. Eta, pandemia global betean, krisi ekonomikoa euskal gizarte osoan eragiten hasi den garaian eta zalantzaz beteriko etorkizunaren ateetan, galdera bera datorkigu burura behin eta berriz.

Zertarako gaude hemen?

Bada, euskal jendartea hobetzen diharduzuen gizarte-erakunde, enpresa eta administrazioei laguntzeko gaude hemen. Horixe da gure erantzuna. Kultura, lana, ongizatea eta jendartea hazten laguntzeko gaude hemen.

Hogei urteko bidaia eta gero, gu horretarako gaude hemen, markak hazten diren lurrean.