Euskara aktibatzeko mugimenduarentzat brandinga eta estrategia
2018 | 2020 | 2022 | 2025
Bezeroa
Euskaraldia

MARKA ERAIKITZEN
Euskararan erabilera aktibatzeko mugimendua da Euskaraldia. Ekimenaren sorreratik egon da Sorland Euskaraldiaren ondoan, eta lanketa erakargarria izan da guretzat, izan ere hutsetik eta pausoz pauso joan gara antolatzaileekin batera marka estrategia garatzen.
Komunikazioaren ikuspegitik, ekimenaren izaera eraikitzen laguntzen aritu gara, bere balio eskaintza zehazten, xede-taldeak hierarkizatzen, komunikazio helburuak finkatzen edota kanpaina sozializatzeko ekintzak aurreikusten.
Estrategia zehaztutakoan, izengintza eta irudigintza landu genituen. Markaren eraikitzean, arreta berezia izan dute ariketan parte hartzeko landu diren identifikagarriek, hala nola, ahobiziek eta belarriprestek erabili dituzten txapek.
“Euskaraldia” hitza bera, “ahobiziak”, “belarriprestak”, … polita da duela urte batzuk ezezaguna zitzaigun imajinarioa gure buruetan iltzatu dela ikustea, esanahi eta bizipenez beteta.

MARKA BERRITZEN
Azken Euskaraldian marka berritzea komeni zela ikusi genuen, markaren eboluzio bat baino gehiago planteatuz. Irudian zein esloganean ariketaren sakontasun emozionala islatu nahi genuen eta herritarrei eman protagonismoa: mugimendua, kolektibitatea, pertsonak edota egoera aldatzeko gogoa.
Hortik atera zen “Elkar mugituz egingo dugu” leloa, euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitzen duela adieraziz, hizkuntza inertziak eraldatuz. Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, solaskideak mugitu egiten ditugula nabarmendu nahi genuen.
Irudian, berriz, bizitasuna eta koloreak azaleratu ditugu. Marko bizi, organiko, koloretsu, fresko, alai eta pop(ular) batean.










